KONTZERTU BATEN KRONIKA

Bilbora iritsi ginenean anbulantzia baten sirenotsa entzun genuen. Ez genion kasurik egin. Ruperren diskoaren zuzeneko grabaketara gindoazen gu, eta goiz iritsi behar genuen. Kafe Antzokiko eszenatokian sapaitik zintzilik jarritako oihal laukizuzenek diseinu metaleztatuko axedrez taula apurtua gogorazten zuten. Tom Simpson ziklistaren mailota, errepide bazterrean. Agian Tom Simpson bera zihoan ikusi berri genuen anbulantzian.

Kontzertua ezinobeto joan zen, Ene begiek bezalako kantuetan mugalariei zerien indarra ikaragarria izan zen. Ene begiek ez dute malko isuritzeko gogorik, denik eta bizitza bakarra bizi dutelako. “Eta bukatzeko, kantu luze bezain profetiko bat”. Kafe Antzokian bildutakook Ruper Ordorikaren aurkezpen hura entzun orduko jakin genuen zein izango zen kantua, beti aurkezten du hitz berdinak erabiliz. Berandu dabiltza. Atxagak Etiopia liburuan argitaratu eta guretzat ereserki bat izan dena. Abestera ere ausartuko nintzateke mikrofono bat aurrean ez banu.

Larruazala laztu egin zitzaigun. Katagorriek supermerkatuari eraso zioten, EI, ALTXA BESUAK, NUN DA INTXAUR KAJAFUERTIA? kantatzearekin batera besoak altxa zituzten lehen lerroetakoek, denok sentitzen baikinen supermerkatuko kutxazain eta olivetti batean beren lehen gutun erromantikoa idatzi zuten sekretaria lotsati. Eta gero antzerrek V bat egin zuten zeruan abestean V-aren zeinua egin zuen ikuslegoak bi hatzez, sekula gurea izango ez zen garaipenaren V-a. Bis luzearen ondoren, kontzertua amaitu eta argiak piztu zirenean, Itoizen Ambulance diskoko musika jarri zigutenenean, numero bat aldatuta eman genion gure telefonoa eskatu zigun neskari, eta Ambulance entzutean, Bilbora iritsi berritan ikusi genuen anbulantziarekin eta Lulu On The Bridge filmaren amaierarekin akordatu ginen. Lulu On The Bridge filmaren bukaeran anbulantzia bat igarotzen da kale huts batetik. Harvey Keitel saxojolea hil berria zen anbulantziaren barruan. Kalean paseatzen doan Mira Sorvinok errezatu egiten du anbulantzia bere paretik pasatzean, nolabait aurresentitzen duelako sirena itzali berri duen anbulantzia haren barruan doana hilda dagoela, horregatik moteldu duela abiadura eta horregatik itzali duela sirena. Film guztia parentesi arteko amets bat baino ez da. Hotza ari zuen kanpoan. Bilbao La Viejako trapuzko etxeak jaso eta autobidera altxatu ginen.

Horrelakoa da bizitza, bere parentesi goxoekin. Gero eguneroko rutina dator, bere ikatzarekin eta bere labexomorroekin, antzerrek beren kurbaturekin eraikitako parentesien gaztelu ttikiak txikitzera.

Tom Simpson ziklista egunero hiltzen da pixka bat, munduko anbulantzia guztietan.

Harkaitz Cano (99-11-29).