kontaizu.net
------------------------------------------------------------------------
Musikan Irautea bakarrik
luxu bat da
Oñati,1956. Deustuko eta Bartzelonako unibertsitateetan
ikasi zuen.
Bilbon ikasle zebilen garaian, Pott banda literatur taldea antolatu
zuen Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Manu Ertzilla, Joxe Mari
Iturralde eta Jon Juaristirekin batera.
1980an atera zuen lehen diskoa, Denetariko kolaborazioak egin ditu,
baita hainbat proiektutan parte hartu ere. Hiru Trukurekin, adibidez,
zenbait kantu zahar berreskuratu zituen 1994an eta 1997an.
Frankismoaren azken urteak bizitzea egokitu zitzaion Ruper Ordorikari,
garai zailak bere esanetan. Euskaraz hitz egiteagatik zigortu egiten
zituzten eskolan, eta horregatik, hain zuzen, erabaki zuen euskaraz
kantatzea. Ordutik hona ibilbide luzea landu du
Musika duzu pasio, arrazoi zehatz bategatik agian?
Umetatik maite dut. Plaza guztietan musika bandari begira dagoen
mutiko antiojodun bat egon ohi da beti, eta, nire garaian, neu nintzen
hura. Zorionez, sasoiak aldatu dira, nirean ezinezkoa baitzen erabat
musikari izatea. Orain talde batean aritzeko zein herri musikan
sartzeko erraztasun handiagoak daude. Erraztasun formalak, nolabait,
zeren zailtasunak oraindik ere badaude.
Bai?
Musikariarena azken langintza da. Esaten denaren aurka, gizarteak
gutxien estimatzen duen arloa da. Musikari interpretea ez dago batere
zainduta; ez dauka inolako begirunerik.
Beraz, zergatik hasi zinen kantuan?
Nire sasoian, kantuan euskaraz aritzea gauzarik debekatuena zelako
hasi nintzen. Orduan ez zegoen gauza debekatuagorik. Bestetik, euskal
munduan ez zegoen nik entzun nahi nuena. Gustukoak nituen orduko
gauza asko, baina ez zegoen zehazki nik egingo nukeena.
Hain zuzen, eskaintza gutxi egongo zen rockaren inguruan.
Ordurako bazeuden talde batzuk, Errobi eta Koska adibidez. Itoiz
ere orduan agertu zen. Hizkuntza menditik ateratzeko gogoa zegoen,
gauza berriak egiteko beharra. Gauza asko zeuden apurtzeko. Euskal
mundua erabat boluntarioa zen; ez zegoen egiturarik, eta, beraz,
sortzaile izateko aukera handiak zeuden. Egoera eraldatzeko aukera
geneukala uste genuen, eta sentsazio horrek indar handia ematen
du. Urrats bakoitzak zanpatu gabeko lurralde batera eramaten gintuen.
Era berean, babes gutxiago edukiko zenuten.
Baina nola gauzak etorri bezala egiten nituen, ez nuen gehiegi pentsatzen
geroak ekarriko zuen horretan. Dena den, urte batzuk ez ziren batere
samurrak izan. Nahiz eta inguruan nire lanarekin interesatzen ziren
lagunak nituen, eta kritika ere alde nuen, segurtasun falta handia
neukan. Batez ere, bigarren diskoa egin eta gero. Ez neukan argi
kantuan jarraitu behar nuen ala ez. Zaila zen egiten nuen horretarako
entzulego bat irudikatzea.
Zer musika mota entzuten zenuen orduan?
Denetarikoa, baina oso anglofiloa izan naiz beti. Rythm and bluesa,
rocka..., horrelakoak entzuten saiatzen nintzen, baina kantu zaharrak
ere. Gure aurreko euskal kantariak oso garrantzitsuak izan dira
niretzat. Azken finean, musikaria baino lehenago musika zalea izan
beharra dago, baina ez pentsa beti horrela denik. Musikarik entzuten
ez duten musikari asko ezagutzen ditut.
Bernardo Atxagaren zein Joseba Sarrionandiaren poemak musikatzeaz
gain, zenbait diskotan zure letrak ageri dira.
Bigarren diskoan hasi nintzen nire letrak sartzen. Dena den, Euskal
Herrian musikarien artean asko gertatzen da hori, hau da, poeten
testuak kantatzea eta ez norberarenak. Gutako askorengan segurtasun
falta handia dagoen seinale izan daiteke. Jendeak testu bat ontzat
jotzen duenean, zuk hori kantatu eta bide erdia eginda daukazula
uste duzu. Baina denborarekin konturatzen zara testu on batek ez
duela zertan kantu bat on egiten. Bi gauza ezberdinak dira. Ez da
hain bitxia, koloretan gauza bera gertatzen baita. Kolore bat eta
bestea oso egokiak izan daitezke, baina batera ez. Kantua ez da
hitza bakarrik, eta alderantziz.
Hautsi da Anphora lehen disko haren ostean, hainbat kaleratu
dituzu. Zer ikasi izango zenuen ibilbide luze horretan, ezta?
Bai, niretzat dena da ikasbidea. Ikasgai handiena agertokiko harremanak
izan dira. Orain, gogoratzen jarrita, euskaldungoari asko eskatzen
diogula konturatu naiz. Gure lehen emanaldi negargarri haiek jasan
behar izan ditu, saio onak ere, eta horrela jendaurrean aritzen
ikasi genuen arte. Horrek erakusten du hemen badagoela egarri bat,
kantua entzuteko gogoa. Tamalez, estiloetan neurri batean pixka
bat geldirik dago hemengo musika. Oraindik, euskal jende askok euskal
kantua gauza bat dela pentsatzen du, eta musikari askok hesi hori
gainditu behar dute beraiek ere euskaldunak direla erakusteko. Baina,
hori kenduta, hasieratik zortea eduki dudala uste dut. Geroz eta
gehiago gozatzen dut lanbide honetan.
Exijenteago bihurtu zara?
Gehiago esango nuke orekara iritsi naizela. Baina ez dut uste kantagintzan
soilik, baizik eta gauza guztietan. Lan batekin jartzen zarenean,
barruan entzuten duzuna gauzatzen saiatzen zara. Baina behin zerbaitera
ailegatuz gero (entzulego bat izatera eta abar), autokonplazentzian
ez erortzea da garrantzitsuena. Nire ustez, horixe da oreka. Azken
helburua hortik abiatzea litzateke. Horretarako, exijentzia gutxiago
nahiko nuke, baina ezin da gainetik kendu. Gogoan daukazuna entzun
arte, ez zara lasai egongo. Gero, behin entzunda gero, beste zer
edo zer entzuten duzu eta horren atzetik abiatzen zara.
Azkeneko diskoari ekin diozunean, zer bilatu duzu?
Disko hau berez etorri da. Egia esateko, ez neukan pentsaturik.
Kantuak eginak nituen, baina ez disko bat egiteko asmoarekin.
Hertzainak abesten zuen euskal rockak ez duela dirurik ematen.
Hala da?
Merkatu kontuak dira. Irautea bakarrik luxu bat da. Gauzak horrela
jarraituz gero, diskoetxeentzat aro benetan zaila etorriko da eta
eragina izango du haien azpian dauden egitura guztietan. Badirudi
zuzeneko emanaldiek iraungo dutela, eta, neurri batean, diskoek
ere. Lehen pentsatzen zen pirateoak multinazionalei bakarrik eragingo
ziela, baina bistan da ez dela horrela. Nire ustez, aurki euskal
ekoizpenaren gehiengoa defizitarioa izango da. Gero eta talde gehiago
daude, bai, baina kontsumo aldetik arazo handiak ditugu. Horrek
bestelako sormen eredua eragingo du. Ikusiko dugu, baina ziur naiz
aurrera aterako garela.
Horren aurrean, zeintzu helburu planteatzen dizkiozu zeure buruari?
Ez zait horrela berba egitea gustatzen etsipenetik ari naizela ematen
duelako (eta ez da horrela), baina diskoak egiten jarraituko dut.
Nireak ondo saltzen dira, badut zorte hori, eta kantuan aritzea
beste helbururik ez daukat. Baina, oro har, arazo larriak planteatuko
zaizkigu epe laburrean. Horretaz maiz pentsatu dut, eta aldaketa
horiek sortzaileengan zer eragin izango duten jakin nahiko nuke.
Gainerakoan, oso argi dago zer gertatuko den. Diskoak, euskarri
bezala, ez dauka iraupenik eta industriak oraindik ez du erabaki
zein izango den haren ordezkoa. Zentzu horretan, badut zenbait pribilegio
neure gauzak egiteko aukera baitaukat. Ziur naiz hasiberri batek
beste modu batera ikusten dituela gauzak. Teknikak diskoak etxean
bertan egiteko aukera ematen dizu, baina horrek, era berean, merkatua
disko berriekin leporaino beteta egotea dakar. Beraz, diskoaren
balioa behera doa; balio artistikoaz ari naiz, jendeak gaineratzen
dion gogo kulturala. Gutxi barru, musika entzutea bosgarren edo
seigarren eginkizuna izango da. Lehenengoa eskiatzea izango da,
bigarrena tabernan lagunekin egotea eta abar. Horrekin batera etorriko
dira erromerien desagerpenak, eta, haien tokian, disck-jokeyak agertuko
dira.
Ikuspegi baikorragoa dutenek, liburuaren kasua hartzen dute adibide
moduan. Bere garaian, haren heriotza aldarrikatu zen, baina oraindik
jarraitzen du gure artean.
Bai, niretzat ere liburua eredua da, nahiz eta azken urteetan zenbat
liburudenda desagertu diren konprobatuko bagenu hain baikorrak ez
ginatekeen izango. Dena den, liburuaren mundua ezberdina da. Liburua
nahi duzunean irakur dezakezu, baina musika nonahi dago. Birtuala
da. Azken finean, arazoaren atzean kontsumismoa dago; etxean sekula
entzungo ez ditugun diskoak dauzkagu, eta, hala ere, kopiak eta
kopiak egiten jarraitzen dugu (ni neu barru). Grabatu ahal den neurrian,
zergatik ez grabatu? Ekoizpenak lehen baino garestiagoak dira, eta
ez dira erosten. Faktore bat besterik ez da, baina horrek musikarekiko
afektua aldatzea ekarri du.
Hain zuzen, prezioen garestitzea aipatzen dute askok disko salmenta
jeistearen arrazoi moduan.
Faktore asko daude, eta horietako bat prezioa da. Dena den, hori
baino garrantzitsuagoa da industriaren jokabidea. Jendeari sinetsiarazi
nahi izan dio bera dela idoloak sortzen dituena, zer saldu behar
den finkatzen duena. Eta jendeak dio hori horrela bada, diskoa produktu
bat besterik ez da. Beraz, produktu bat denez, merkeago eros badezaket
hartu egingo dut. Industriaren erruz, diskoa produktu bat da orain.
Lehen zeukan osagai kultural, artistiko eta afektibo guztia kendu
zaio.
Orain arte egindakoaren gainean damurik?
Ez dut uste. Ez diot inoiz nire buruari halakorik galdetu. Agian
egin ez ditudan gauzengatik izan dezaket damurik. Atzera begira
jartzen naizenean, sinestezina iruditzen zait inolako planik gabe
hainbeste gauzetan ibili izana. Aurrerantzean ere, horrela ikusten
dut neure burua
Estibaliz Ezkerra