BILDUMA BAT-erako hitzaurrea
Gogoan dut oraindik noiz eta nola entzun nuen lehenengoz Ruper
Ordorika abesten: 1980 urtean izan zen, Iraileko arratsalde
eguzkitsu batez. Ni etzanda nengoen lasai asko Domintxine
(Domezain) deritzan herriska bateko eliza atari inguruko zelai
batean eta bapatean irratian entzun nuen bere lehen diskoaren
kanta bat: Herdoilaren tristeziarekin batera
Ezusteko eta ez ahazteko ziztada itzela izan zen hura niretzat:
bapatean lozorrotik iratzarri eta zutik geratu nintzen, tente
eta kieto, abesti miresgarri hura burutu zuen arte. Berehala
ohartu nintzen orduan amaitzen zela zerbait euskal musikagintzan
eta sasoi berri bat zela handik aurrera zetorkeena. Denbora
gutxira diska osoa (Hautsi da Anphora) entzun
nuen hamaika alditan eta hasierako susmo hura baieztatzerik
izan nuen : Ruper Ordorikaren diska harekin guztiz berri eta
ausart zen zerbaiti ematen zitzaion hasiera euskal musikan.
Eta musikazale mordo batek, euskaldun nola kanpokoak, izan
zuen garai hartan halako sentipen antzeko bat. Gure adiskide
batek sarritan esaten du Ruper Ordorikak ezarri zuela modernitatea
euskal musikagintzan, alde batetik goi mailako testuak, kalidade
haundiko literatura, erabiliz, hezurdura trinko gisan, bere
musika airoski eta indar ukigarri batez gorpuztu dadin; eta
bestetik, melodia berriak, erritmo sendoak, doinu zaharrak
zein gaur egungoak landuz eta uztartuz bere ukitu berezia,
marka eta ezaugarri artistiko gisan, lortu arte. Guztia hau
lehen diskatik baieztatzerik bazegoen ere, gero eta pausu
ausartagoak eskaini dizkigu beti Ruper Ordorikak bere hurrengo
disketan: ez da inondik errepikatze huts eta antzu eta komertzial
batean gelditu. Pausu berriak eta arriskutsuak tentatuz segidako
diskak beste hainbeste mugarri ezezagun eta ausart egokitu
zaizkigu, halako iraultza bidetik barruratuz non erabat zaila
egiten zaigun benetan, bere jarraitzaileei, pentsatzen hastea
ere nondik nora abia ote daitekeen bere hurrengo diska. Egia
da marka eta estilo berezia ezarria duela dagoeneko euskal
musikan, abeslari gazteagoek kontutan hartzen dutela bere
abesteko era, testuari dion begiramendua, melodien lantzea
eta ikertzea eta baita ere gizartearen aurrean izan duen eta
duen jarrera etikoa. Aurretik ikerturiko bidean alde batera
utziz, emandako pausuak inoiz errepikatu ezaz, diska berri
bakoitza abiapuntu iraultzailetzat harturik
bere zaletu
asko eta asko lazturik gabiltza halako batean planto egingo
ez ote duen beldurrez, desiatzen bere hurrengo lana laster
batean kalera dezan. Hasieratik jarri zion Ruper Ordorikak
bere eginbeharrari oso maila altua: patxadan egin izandu du
lan berak beti kalidadeari eutsiko bazion, eta musikazaleok
badakigu zein eskertzeko den hori gaur egungo edonolako musika
traketsa nozitu behar dugun honetan. Baina horrexegatik eskatzen
diogu, arren, ez etetzeko bere lana, segi dezala aurrera eta
lehen bait lehen izan dezagula bere hurrengo diskoa entzuteko
mugona. Zai eta ezinegonean gauzka.
Jose
Mari Iturralde (1992)
