Gara
------------------------------------------------------------------------
Doinu zorrotz eta hitz zainduekin
itzuli da Ordorika «Kantuok jartzen ditut» lanarekin
New Yorkeko hiru musikari alboan
Ben Monder eta Keny Wollesekin errepikatu du Oñatiko egileak
azken lanean, eta Jonathan Maron musikariarekin jardun du estreinakoz
Disko baten eta hurrengoaren artean utzi izan ohi duen tartea hautsiz,
«Kantuok jartzen ditut» albumarekin besazpian agertu
zen atzo Ruper Ordorika Bilbon. «Ganbara beteta nuen-eta»,
argitu zuen Oñatiko musikariak 12 kantu berrirekin datorren
bildumaren aurkezpenean. Horietatik 11 berak idatzitakoak dira,
eta hamabigarrenak Joseba Sarrionandiaren poema bat du oinarri.
Lan zabala da iraupenez, baita estilistikan ere, bere marka daramana,
baina desberdina, «ez duzulako aurretik ezagutzen duzun disko
bat berriro entzun nahi», aitortu zuen egileak. Emanaldiz
beteriko udazkenari ekiteko prest da
''Kantuok jartzen ditut'' Azkarateko Katarain estudioan grabatu
zuten. Ekainean, San Juan bueltan, egin zuten soinu-hartzea; nahasketak,
berriz, abuztuan. «Tarte horrek pentsatzeko tenorea eman zidan,
astia ere bai, eta nik hori nabaritzen dut diskoan, goiz da esateko,
baina sumatzen dut ezagutzen ez nuen halako lasaitasun bat, disko
bat bukatu eta gero», aitortu du Ruper Ordorikak.
Berriro
ere, Ordorikak Ben Monder gitarra-jotzailea izan du alboan, laugarren
diskoa du berarekin. Hirugarrenez, Keny Wolles bateria-jotzailearekin
aritu da, eta estreinakoz, aspaldi ezagutzen duen Jonathan Maron
baxu-jotzailearekin.
Hirurak New Yorken hezitutako musikariak dira, bat-batekotasunean
maisu. Orain arteko lanak eta azkeneko kolaborazio horren ostetik,
harreman sendoa du oñatiarrak haiekin. «Ezagutu nituenetik
gero eta handiagoak dira», nabarmendu zuen atzo komunikabideen
aurrean produkzio handietan ari diren hiru musikariei buruz mintzo
zela.
Bestetik, ''Kantuok jartzen ditut'' album berrian beste hiru gonbidaturen
ekarriak ere sumatzen dira: Virginia de La Casaren ahotsa, Arkaitz
Minerren biolina eta Nando de La Casaren teklatuak ere aditzen dira
CDan.
Aurreko diskoan bezala, bandak batera grabatu ditu oinarrizko hartualdiak.
«Fermin Etxegoienek dio ematen duela musikalki neure paraje
batean sartu naizela aspaldian; nik ez dakit hala izango den, baina
gauza bat badakit: nire kantuak oso gustura daudela sistema honekin.
Nik prestatzen ditut etxean, musikariak etortzen direnean erakutsi
egiten diet, eta kantuokin ateratzen denarekin, metodo honekin,
pozik daude, eta ni ere bai», esan zuen.
Guztiarekin, lan zabala aurkeztu du errepertorio aldetik eta estilistikan
ere. Ruper Ordorikak eta bere musikariek talde soinuaren bila jo
dute. Egileari gustatzen zaio iturria ahalik eta irekien uztea,
«oinarrizkoena irten eta alientoa gorde dadin, gero, hizkuntza
zabala duten musikariekin harago joaten saiatzea», esan zuen.
Laguntzaile anitz izan ditu Ruper Ordorikak disko honetan. Banan-banan
aipatu zituen atzo Bilboko Kafe Antzokian, eta lana publikoan eskertu
zien. Horien artean, Alberto de la Casa «nire sparring-a,
musikan» eta Bernardo Atxaga, CD-aren liburuxkarako abestien
hitzak gaztelaniara itzuli dituelako. ''Zaindu maite duzun hori''
abestiaren bideoa Iker Trebiñok landutakoa da.
Mundu euskalduna defendatzen
Nafarroako kanta zahar batetik hartu du Ruper Ordorikak disko berriaren
izenburua. ''Kantuak jartzen ditut'' edo «hauek dira nik egiten
ditudan abestiak», argitu zuen kantariak gaztelaniaz, itzulpen
librea eginez.
Normalean, disko baten eta hurrengoaren artean denbora tarte luzeagoa
utzi ohi du. Oraingoan, «diskoa egiteko halako inpulso bat
sentitu nuen, beharbada -jarraitu zuen- euskaldunok izan ditugun
egoera zehatz batzuek bultzatuta».
Ildo horretatik, Ordorikak esan zuen, lan horrek baduela nonbait
lotura «azken urte honetako zenbait egoerarekin, euskaldun
izanik asaldatu nautenak, nonbait. Gogoan daukat Potten denboretan
nola esaten zen 'kontsumoaren aurka kreazioa'; uste dut egungo egoera
hauen kontra ere zerbait egin behar dugula: neure apurra hauxe da,
kantuak egitea».
''Zaindu maite duzun hori'' abestiaren aipamena egin zuen, kantu
horretan dioenez, «kontuak ez zaizkidalako ateratzen».
«Mundu euskalduna -adierazi zuen- defentsiba etengabean dago,
sorkuntza aldetik ere. Guri buruz, komunitate bat gisa ari dira
beti, komunitate bezala onartu behar gaituztenean izan ezik»
. Kanpoan, susmagarri
Euskaldun bat Euskal Herritik kanpora jotzera doanean «gutxienean
susmagarria da -salatu zuen-, zure inozentzia frogatu behar duzu
etengabe, eta benetan ondo tratatzen gaituztenen sentsibilitatean
fio behar duzu»
Ruper Ordorikak esan zuen «gauza horiek guztiak pixkanaka»
pilatzen direla eta «oso frustantea den sentsazioa»
eragiten duela. «Kontuak ez dira ateratzen», azpimarratu
zuen berriro.
«Uste dut nire belaunaldiak ez duela ia ezertan asmatu; honetan,
behintzat, ez, eta uste dut berriz pentsatu behar dugula euskaldun
ez den herriaren partearekin harremana. Gure gutxiengoa defendatu
behar dugu»
. Bernardo Atxagarekin saio berezia, Durangon
Ruper Ordorikak egutegi estuari aurre egingo dio disko berriaren
aurkezpenerako. Tuteran eta Ariben izango ditu lehenengo agerraldiak
abenduaren hasieran. Bernardo Atxagarekin emanaldi berezia egingo
du, Durangon. Etiopiaren 25. urtemugaren kariaz, Atxaga eta Ordorikaren
azkeneko lanek topo egingo dute saio berean. Arriagan joko du eta,
udaberria bitarte, kontzertuak aurreikusi ditu Barañain,
Iruñea, Donostia, Gasteiz, Oñati, Kanbo, Bartzelona,
Pontevedra eta Madrilen.-
Izaskun
Labeaga