Gara
------------------------------------------------------------------------
«Aldaketa handi baterako deitzen
gaituen unea da hau»
Seme-alaba jaioberria besoetan duen aita baten
harrotasunez mintzo da Ruper Ordorika «Kantuok jartzen ditut»
diskoaz. Ibilbide luze baten ostetik gustura dastatzen ari den heldutasun
goxora iritsi da: «Badut aurrera egin, sakonera joatearen
sentipena, iruditzen zait gehixeago ezagutzen dudala nire eginkizun
hau», dio. Baikorra da musika Euskal Herrian izaten ari den
bilakaeraz, munduan une latzak direla ahaztu gabe.
Bilboko Arriaga Antzokian eman zuen kontzertuaren oihartzunak oraindik
presente direnean, bere musika Euskal Herriko txoko desberdinetara
eramango duen bira hasi du Ruper Ordorikak. Toki handiak eta txikiak,
denak ditu gustuko, oñatiarrarentzat den-denek baitute xarma.
Izan ere «batzuetan inoiz pentsatuko ez zenukeen lekuan gertatzen
baita harreman indartsuena».
- Bilboko Arriaga Antzokian egin zenuen diskoaren aurkezpen ofiziala.
Ondotik, zein sentsazio geratu zaizu?
Ondorioak oraindik etortzen ari zaizkit. Oro har, beste pauso bat
eman izanaren sentsazioa dut. Urtero egin izan ditut Kafe Antzokian,
abendu oro, disko aurkezpen batzuk, baina beste harreman bat sortzen
da han. Arriagan ere oso harrera ona jaso genuen, oso babestuta
sentitu ginen eta nik uste dut aski ondo pasatu zela dena.
-Kontzertu horretan jendaurrean jo zuen taldea ez da estudioan
inguratu zintuena.
Ez. Orain, aurkezpenetan boskote bat aritzen gara, Arkaitz Miner
gonbidatua dugula biolina eta gitarrarekin. Arriagan ez zen aritu,
bere ordez, Jabi Antoñana aritu zen, aspaldiko nire laguna.
Mugalari talde irekia da.
-Grabazioan izan diren AEBetako musikariekin nolakoa da lankidetza?
Aspaldian musika mota bat jarraitzen dut, jazzaren mugetan, inprobisazio
musika-edo. Aspaldi nuen buruan ideia hori, 'zer gertatuko litzateke
nire musika jatorri horretako musikariekin uztartuz gero? Horrelaxe,
eta emanaldi askotara joan nintzelako, hasi zen harremana. Geroztik,
lau disko egin ditut Ben Monderekin eta beste hiru, Kenny Wollesekin.
Halako batean arrisku hori hartzea deliberatu nuen, hau da, ni ezagutzen
ez ninduten, aurreiritzirik gabeko musikariekin aritzea. Nire antzinako
asmo bat zen eta gauzatu egin dut. Denboraren poderioz, lagun kontuetan
sartzen gara eta harreman estua daukagu harrezkero. Ia urtero elkartzen
gara; nor bere taldean dabil eta zaindu egiten dugu hala gerta dadin.
-Ez da lehen aldia, Mugalariekin beharrean grabaziorako AEBetako
musikariekin lan egin duzuna. Funtzionatzen duen formula topatu
al duzu?
Azkenaldian ez dakit benetan diskoak ondorioengatik egiten ditudan
edo holaxe egiteagatik. Benetan esperientzia fuertea izaten da eta
badut aurrera egin, sakonera joatearen sentipena. Iruditzen zait
gehixeago ezagutzen dudala nire eginkizun hau. Neure hurrengo zalantza
izango litzateke hori nola islatzen den zuzenekoetan, baina nire
esperientziak dio zuzenekoetan, nahiz nire betiko musikariekin izan,
diskoan parte hartu ez dutenekin, harago goazela baita ere denboraren
poderioz. Horregatik, niretzat egokia da. Hasieran niretzat aski
delikatua zen musikari batzuekin estudioan aritzea eta beste batzuekin
zuzenekoetan. Uste dut egun harreman hori aski finkatua dela eta
horren frogak ugari dira. Gure diskoek gero eta harrera hobea dute,
eta gu ere gero eta lasaiago gabiltza. Zaila izango da beste metodorik
topatzea, baina ez dakit, inolaz ere, hurrengoan zer egingo dudan.
Niretzat diskoak neurri batean musikari izatearen ondorioz etortzen
dira; urteekin asko aldatzen dira gauzak eta inoiz ezin dezakezu
jakin zer etorriko den.
-Oraingoan, Jonathan Maron ere bildu duzue. Zerk erakarri dizu
bere jardueraz?
Baxu jotzaile hori beste giro batean ibiltzen da, soul, rhythm eta
blues soinuetan. Beste lagun horien bitartez ezagutu nuen eta Jonathan
gonbidatu genuen diskoaren grabaziora. Dena aski ongi joan da berriz.
Musikari horiek beren eginkizunarekin benetan inplikatuta daude
eta zentzu sortzaile artistikoa erabatekoa daukate.
-Nolakoa izaten da beren parte-hartzea zure diskoetan. Beren
ekarriak jasotzen dituzu edo zuk aurretik erabakitakoaren bidetik
zoazte?
Saiatzen naiz nire partea ahalik eta zehaztuen izaten: kantua bera,
egitura, tonua, tenpoak. Hortik aurrera saiatzen naiz desagertzen,
bitarteko guztiak jarri eta normalean sortzen den bide horretan
oztoporik ez jartzen. Denok elkartzen gara, nik kantatu egiten diet
paperean dutena, eta hortik aurrera bakoitzak bere interpretazioa
ematen du. Horrela egiten ditugu oinarrizko toma guztiak eta, behin
hori eginez gero, bakarrik gelditzen naiz gitarristarekin eta osatu
egiten ditugu gauzak, gehiago bilatu behar izaten dut zenbait gauzetan.
Nire sentsazioa da zenbait musikarirekin beti duzula ziurtaturik
interesgarri den irakurketa bat.
-Haiekin zuzenean jotzeko aukerarik izan al duzu?
Badut asmoa inoiz hori egiteko hemen, baina nire harremana, askoz
gehiago, hemengo nire musikarietara zuzenduta dago.
-Eta Mugalariekin AEBetan aritzeko aukerarik izan al duzue lagun
horien bitartez?
Asmoa ez dugu galtzen baina zinez zaila da. Estatuan barna nahiko
zaila baldin bada pentsa ezazu! Ameriketako Estatu Batuetako lagun
horiek uste dute musika honek baduela han enkajerik baina pentsatuko
duzun moduan atzean gutxienez industriatxo bat eskatzen du. Nik
uste dut hau dela gure esparru naturala eta hemendik ateratzeko
ekimen oso konplikatuak beharko direla. Musikaren mundua halaxe
dago, eta atzean babes bat behar duzu.
-Batzuetan hiru gitarrarekin ageri zara. Zer misterio gordetzen
du bakoitzak zuretzat?
Bat eramaten dut, azkenaldian, bakarka ari naizenean eta beste biak
taldearekin. Batak, elektrikoa, batera egiten du errazago taldearen
sonoarekin, eta bestea erabiltzen dut beste tonalitate batzuk lortzeko.
Niretzat gauza horiek badute garrantzia. Nik badut zaletasun bat,
handi samarra, musikaren alde tekniko horrena.
-Eta beste musika tresnen artean, zein hautatzen duzu?
Tresna baino gehiago musikaria da inportantea. Ez zenuke pentsatuko
tuba bat maite duzunik tuba jotzaile on bat ikusi arte. Hori esanda,
disko honetan sartu nuen biolina. Arkaitz Miner ari da Tapia eta
Leturiarekin. Benetan musikari bikaina da. ''Zaindu maite duzun
hori'' buruan entzuten nuen denbora guztian biolin batekin; deitu
nion probatzeko eta halaxe gelditu zen.
-Emakume ahots bat ere entzuten da.
Virginia de la Casak grabeetan erregistro ederra du, eta kantari
oso ona da.
-Lan horrek zein iturrietatik edan du? Zein musika egon zara
entzuten azkenaldian? Eraginik izan al du zure CD berri horretan?
Erabaki batzuk aurretik hartu nituen. Norberak aurreko lanei begiratu
egiten die. Talde disko bat egin nahi nuen. Elkarrekin grabatzean
ekarri berez etortzen da. Egin nuen aukeraketa hortik zihoan, eta
banituen beste zenbait kantutxo burutu barik, erdibidean. Denak
osatzen hasi aurretik egin nuen aurre-aukeraketa bat eta nire asmoa
izan zen zenbait kantu erritmikoago sartzea. Uste dut igarri egiten
dela: gitarrak, anplifikadore desberdinak.
Musika, denetarik entzuten dut, baina ez zait iruditzen disko honetan
inongo eragin berezirik dagoenik. Ni oso musikazalea naiz eta eraginak
milaka izaten ditut, nahi nuke behintzat. Disko zabala da, ez bakarrik
luzea delako, baizik eta badirelako kantuak zenbait iturritatik
edaten dutenak. Nire inpresioa da, inongo lorpenik badago hori dela,
denak erreka batera ekartzearena. Disko hau niri gustatzen zaidan
modukoa da, album antzekoa, baina kantuak, beren artean, aski desberdinak
dira.
-Diskoa egitera zoazenean, ideia sendoekin zoaz ala ikuspuntua
erabakitzea kostatu egiten zaizu?
Nekeza da. Disko batek badu bere sufrimendu apurra erabakiak hartzeko
orduan. Grabatzen ditudanean disko hauek jasoko balute nik jasotzen
dudan eragina, ideala litzateke.
-Ganbara beteta ei zenuen diskoa prestatzeari ekin zenionean.
Zein momentuk inspiratu dizu sorkuntza oparo hori?
Iragan urtarrila hilabete ona izan zen horretarako, ordurako egina
nuen puska bat. Bi hilabetean, hortxe atera ziren ia gauza guztiak.
Erabaki nuen aurten saiatu behar nintzela diskoa egiten. Orain esan
dezaket pozik nagoela.
-12 abesti hautatu dituzu baina ziur tiraderan asko gelditu direla.
Ez al zaizu tentagarri beste norbaiti eskaintzea abes ditzan edo
beste era batera argitaratzea?
Nik uste dut poliki-poliki atera egingo direla. Esaten den bezala,
kantautoreok gure kantak kantatzen ditugu bestela beste inork ez
lituzke kantatuko-eta! Beharko nuke bai noizbait hor gordeta gelditu
diren gauzak begiratzea.
-Zazpigarrena Joseba Sarrionandiarena da. Aberriaz mintzo da.
Zu ere gure herriak, euskararen munduak duen egoerak bultzatu zintuen
diskoa egitera.
Esan da kantuen mamia hor inguruan dabilela. Badira kantu batzuk,
beti egon izan diren bezala edo gehienetan. Kantuak baino gehiago
hori izan da diskoa egitera bultzatu nauena. Josebaren testu hori
indartsua da eta plazerrez kantatzen dut. Irakurketa asko dauzka.
Kasualitatez aurkitu nuen bere antologia batean. Nonbait, babesleku
bate ere ematen dit.
-«Zaindu maite duzun hori/ zaindu gorroto duzun hori»
kantatzen duzu. Mezuren bat bidali nahian?
Uste dut baietz baina ez dakit zein den. Inongo asmo handirik gabe
egin nuen, eta niri ere deigarri egin zait lortu duen oihartzuna.
Denok ez ote dugun nozitzen egoera bera.
-«Kantuok jartzen ditut» izenburuarekin ausardia
puntu bat erakutsi nahi izan duzu?
'Hau da nik egin dudana' esan nahi nuen. Batez ere, kanpoan ibiltzen
garenok euskaldun moduan euskaldun izatea gehi esplikazio bat, euskal
kantari izatea eta esplikazio bat eskatzen zaigu. Beti defentsiban
egon behar dugu. Halako batean hau da neure apurra, nik egiten dudana
esan nahi nuen.
-Gauden egoeraz mintzatzean, aurreko batean aipatu zenuen «gure
belaunaldiak ez du ia ezertan asmatu». Zertan huts egin duzue?
Badut sentipen hori. Sarriren testu hori nik uste dut ez dabilela
urruti burutazio horretatik. Ez dakit sakontzen sentsazio horretan
baina iruditzen zait zenbait gauza berrikusteko unea dela. Batzuetan
lotzen dut gure sasoiko inplikazioa herri honekin, aberriarekin,
oso estu halako eskuzabaltasun batekin. Bada une bat aldaketa handi
baterako deitzen gaituena nolabait eta sentipen horren inguruan
ikusten dut hori. Ikusirik gure tarteko idazleak goraipatuenak direla,
nire eginkizunak ere bai, kontraesan handian nagoela dirudi; gehiago
ari naiz beharbada euskal munduaren inplikazioaren aurrean, zenbat
eman den eta zenbatetan zein gutxi jaso den.
-Azalera itzuliz, zergatik ageri zara sofa batean eserita? Estetika
hutsa al da ala esanahi jakina du?
Hala gertatu zen. Azala bestelakoa izan zitekeen baina hala gertatu
zen. Beti inplikatzen naiz azalean, baina gero erabaki nuen behin
artista hautatuz gero neure gauzei buruzko bere irakurketa ere entzun
behar nuela. Azken diskoetan uste dut azalek badaukatela zer edo
zer komunean.
-Kantetan, batzuetan iraganari erreferentzia egiten diozu, beste
batzuetan etorkizunari. Zer utzi duzu atzean eta zer ikusten duzu
aurrean?
Harrigarria da denboraren bilakaera. Esaten didatenean hainbeste
disko egin dudala, uste dut ez naizela emankorra izan, soseguz egin
ditut gauzak, halabeharrez egon naiz beste gauzetara begira maiz
eta, onartu beharra dut, uste nuenaren kontra, ez naizela zerebrala,
baizik eta intuizioz aritzen naizela, nire sen batekin. Orain berriz
ikusten dut badudala ikuspuntu zehatzagoa kantuan, musikan eta badut
gogoa harago joateko, eskurago ikusten dudala, gehiago ezagutzen
ditudala nire materialak. Beste pauso batzuk emateko gauza banaizela.
Beste alde batetik, ikusten dut taktikoak izan ez diren mugimenduek
honaino ekarri nautela.
-Bideoa grabatu duzu. Nola izan da esperientzia hori?
Kamarekin harreman onik ez dut. Azken orduko gauza izan zen. Oso
azkar eta ongi egindako ideia izan zen. Nire burua aktore negargarri
moduan ikusten dut, eta saiatzen naiz beste narrazio bat egon dadin.
Iker Trebiñok bideo oso polita egin du, planteamendu desberdin
batekin. Nire inplikazioa oso laburra izan da. Bideo bat luxuzkoa
da musikan, gure industria txikiak ez baitu ematen betarik halako
gauzetarako. Benetan interesgarria litzateke.
-Arriagakoari beste ekitaldi berezi bat aurreratu zitzaion, Bernardo
Atxagarekin Durangoko Azokaren kariaz.
Gerediagakoen ideia izan zen. Biok harrapatu gaitu inoiz baino okupatuago.
''Soinujolearen semea'' hamar egun lehenago atera zen eta erabaki
genuen bi tartetan egitea. Gauza handiak dira horiek. ''Etiopia''
niretzat oso liburu inportantea da, eta oso polita izan zen eskaintza,
baita gure sasoiko lagunekin, gaur arte ere lagun direnak ere, nolabait
uztartzea iraganeko gauza hori eta ospatzea liburu eta disko berriekin.
-Iragan Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokatik bueltatxo
bat emango zenuen. Nola ikusi zenuen?
Egia esan ez nuen astirik izan ikusteko. Sasoi batean autostopez
joaten nintzenetakoa naiz eta orain gero eta zailagoa da ni bezalakoentzat
han egotea, nahiz eta gustura joaten naizen, handik kanpo nekez
ikusten diren gauzak daudelako.
-Eta hortik landa, zein da sorkuntza aldetik euskal kulturak
ematen ari denaz Ruper Ordorikak duen inpresioa?
Eskaintza eskaeratik gora dago askogatik, bai literatura eta musikan,
behinik behin. Ekoizten denetik bakarrik atal bat baloratzen da.
Hori hala da. Nik ez dut esaten txarra denik, inolaz ere. Beharbada
oraindik ez dugu lortu behar adinako multzo bat, ateratzen dena
irensteko. Bestalde, musika oso bizi ikusten dut. Hainbat talde
berri, musikari ateratzen dira. Nekeza izango da horiek denek beren
lekua topatzea, batez ere inguruneari begiratuta, hau ezin delako
aztertu Euskal Herriko mugetan, oro har oso sasoi zailak dira musikarentzat
eta, testuinguru honetan, hemen esango nuke zailago luzarora. Benetan
mugimendu asko dagoela ikusten dut eta musika alorrean uste dut
leku askotatik begira dugula jendea, oso gertutik jarraitzen duela
Euskal Herrian egiten dena. Alde horretatik oso baikorra naiz.
Izaskun Labeaga