Egunkaria
(Ruper N.Yorken Kritika)
------------------------------------------------------------------------
Dotorezia handiko enbaxadorea
RUPER ORDORIKAREN KANTALDIA NEW YORKEN.
Maitasunez eta bildutako jendea gozaraziz aritu zen kantaria
joan den igandean Bowery Poetry Clubean Ruper Ordorikak kantaldi
bat egin berri du New Yorken: lehendik ezagutzen genuenoi,
izugarri gustatu zitzaigun; lehen aldiz entzun zutenei, gehiagotan
aditzeko gogoa piztu zien. Oñatiko kantari eta musikagilea
Bowery Poetry Cluben aritu zen, lehengo igandean. New Yorkeko
musikari talde batek lagundu zuen, Ben Monder gitarrista gidari
zutela. Hain zuzen, musikari horien laguntza izan du Ordorikak
kaleratu dituen azken diskoetan: Soik so, Dabilen
harria eta oraintsuko Hurrengo goizean lanetan. «Lower
East Side auzoan bizi izan nintzen bolada batean, orain dela
hamar urte, eta, beraz, hona etortzea, nolabait, garai hura
berritzea da», adierazi zuen kantariak. «Itzultzea
ona da beti, lagunak agurtzeko eta ezagutu genituen jendea
eta gauzak nola dauden ikusteko; gainera, New Yorken kantatzea
gustuko erronka da».
Ordorikaren kontzertua, gainera, New Yorkeko Tribes galeriak
antolaturiko esperimentu baten bigarren zatia izan zen; esperimentu
horren bitartez, hizkuntza bera ez erabili arren gizakiek
komunikatzeko, elkar ulertzeko, adierazteko duten gaitasuna
aztertu nahi dute. Proiektuaren arduradunek, Mireia Sentis
eta Borja Casanik, Iberiaren metafora erabili dute horretarako:
bost hizkuntza ofizial dituen leku bat, ezin konta ahala dialekto
eta toki hizkuntza, eta, gainera, gero eta gehiago autobide
geopolitiko eta kultural baten ardatza dena, mendebaldearen
eta mundu afrikar eta arabiarraren zubi halako bat.
Esperimenturako bitarteko gisa, hitza eta zenbait hizkuntzaz
lagunduriko irudia aukeratu dituzte Sentisek eta Casanik.
Esaterako, hilaren 6an, zenbait kanta eta poema entzun eta
bideo artistikoak ikusi zituzten Tribes galerian, denak ere
gai horri loturikoak. Hitz eta irudiok mezu bakar bat, galdera
bakar bat zuten ardatz: begiko izan daiteke ulertzen ez dena?
Ruper Ordorikari aditu eta gero, erantzunak baiezkoa izan
behar, nahitaez. Gela hobea zen poesia errezitatzeko, zuzenean
musika jotzeko baino; hala ere, Oñatikoak liluratu
egin zituen entzuleak Bernardo Atxagaren poemetan oinarrituriko
bi lanekin, eta, gainera, gaueko unerik intimistenak sortu
zituen: igandean Bowery Poetry Cluben emango zuen kontzertuaren
erakusgarri txiki bat izan zen. Han, New Yorkeko bere ensemble-arekin
aritu zen, eta Madrilen kokaturiko kantautore aragoiar batekin
partekatu zuen agertokia: Angel Petismerekin. Hark poesia
errezitatu zuen, eta hainbat kanta jo, Buñuel en el
desierto eta Metaphora lanetakoak ˜aurki argitaratuko dute
Espainiako Estatuan˜.
Diasporaren harrera beroa
Ruperrek ez zien huts egin, ez igandero Bowery Poetry Cluben
izaten diren emanaldietara joaten direnei, ez New Yorken kokaturiko
hainbat eta hainbat euskalduni: han bildu ziren hainbat profesional,
ikasle eta artista, eta diasporako kide ospetsuak ere bai,
hala nola Mario Salegi, denak ere Ruperri harrera beroa egin
eta laguntza emateko gogoz. Ordorikak zuzenduriko laukoteak
˜Ruper bera, Monder , Dricoll baxu jotzailea eta Hanson bateria
jotzailea˜ ederki gidatu zituen entzuleak nahi zuen bidetik:
Atxagaren poesiarekin emeki-emeki hasi, eta Sarrionandiaren
poesiarekin goraino eraman, gozatu ederra har zezaten. E z
ziren gutxiago gozatu Ordorika eta musikariak, batez ere Hanson
eta Driscoll. Horren erakusgarri, bukaeran egin zuten bisean
bisekoa: izugarri ederra izan zen, eta meritu handikoa, gainera,
ordu gutxi batzuk besterik ez baitzuten izan kantak entseatu
eta indarrak sinkronizatzeko.
New Yorken, kultur, bizimodu eta esperientzia arragoa den
hiri honetan, ez da erraza euskarazko sormen lanekin ahotsa
izatea. Beti izango dira mugak hiri honetako jendeari ezagutarazteko
hizkuntza gutxitu batean eginiko musika. Baina Ordorika gure
hizkuntzan eginiko musika eta poesiaren enbaxadore halako
bat geratu da: ateak zabaldu ditu, eta megalopoliaren kultur
aniztasuna aberastu. Eta maitasun handiz egin du, dotoreziaz
eta gozaraziz . Ez baita gutxi!
MUSIKARIAK
Ben Monder gitarrista ohiko laguntzaileaz gain, Dricoll baxu
jotzailea eta Hanson bateria jotzailea izan zituen ondoan
ESPERIMENTUA
Hizkuntza askotako hiztunen arteko komunikazioa lantzen duen
esperimentu bateko parte izan da kantaldia
Enrique Zaldua.
