Berria
------------------------------------------------------------------------
Esperimentua
RUPER ORDORIKA
Lekua: Bilboko Kafe Antzokiko Ganbara.
Eguna: Otsailak 27.
Jende kopurua: 150 lagun.
Iraupena: Bi ordu eta 15 minutu.
Periferiak jardunaldiek modu berriak bultzatu dituzte: adibidez,
Ruper Ordorika ekitaldi akustiko batean, Jon Piris kontrabaxu jotzailearen
laguntza bakarraz. Oñatiko kantaria gustura zegoen, areto
txikia beteta, jendea hurbil. Eta gidoi on bat garatu behar den
moduan, kantu zaharrenarekin hasi (Atxagaren Hi hintzena) eta berrienarekin
amaitu zuen (Zaindu maite duzun hori). Bitartean gauza bitxi batzuk
pasa ziren: kantu zaharrak (Herdoilarena, Ene herrian, Hamabostean
behin, Crack) eta kantu berriak (Bihotz begiekin, Done ezer ez da
ezinezko, Egin kontu, Aspaldian -Amama Gregori gogoan-, Martin Larralde,
Kantuaren gauza galduaÉ). Salbuespen bakarra topatu genuen:
Hiru Trukuk grabaturiko Ana Juanixe lelo tradizionala, kontrabaxua
isilik zegoela.
Atsedenaldia amaitzean, Jose Luis Padron poetak hitzaldia bete zuen
Ruperren leloak baliatuz, entzuleek -ruperzale amorratuek, antza-
txalo beroez onartu zutena. Oñatiko kantariak azalpen ugari
eman zizkigun eta ondoan Jon Pirisek lan sakona egin zuen, gehienetan
pizzicatoan beste batzuetan arkuan. Azken ataleko kantu batean Lou
Reeden Walk on the wildside-ren aireak antzematen ziren. Amaitutakoan
entzuleek zutik eta txalo berotan agurtu zuten bikotea.
Joseba
Martin