Berria
------------------------------------------------------------------------
Disko honek badu lotura
egoera jakin batekin
Bere diskoen artean ohikoa izan den denbora tartea bete gabe
iritsi da Ruper Ordorikaren disko berria, 'Kantuok jartzen ditut',
aurten izandako hainbat bizipen islatzen dituen lana
Ruper Ordorikak urteak daramatza kantuak sortzen. Alabaina, aurten
bizi izan dituen hainbat egoerek, Egunkaria-ren itxierak esaterako,
kantuak egitera bultzatu dute oñatiarra. Euskalgintzaren
aurkako azken operazioan atxilotutakoak kalera aterako zirela jakin
genuen elkarrizketa hastear ginela, eta «albistearekin oso
pozik» azaldu zitzaigun Ordorika.
Azken egunotan euskal kulturgintzak eraso gogorra jaso du. Nola
bizi izan duzu?.
Aurretik ere martxan zegoen makineria bat ageriago azaldu da aurten,
eta uste dut disko honek baduela harremana horrekin guztiarekin.
Euskal Herritik kanpo kantuan ibiltzen zarenean, gauza horiek maiz
agertzen dira. Niri, adibidez, euskalduna naizelako eta euskaraz
ari naizelako, gehiago tratatzen naute politikari gisa musikari
gisa baino. Horregatik, Egunkaria-ren itxierak eta beste pasadizo
batzuek badute harremana disko hau egiteko erabakiarekin. Aurten,
urte hasieran bolada emankorra izan nuen, baina ez neukan garbi
grabatuko nuen ala ez, normalean denbora tarte luzeagoekin egiten
baititut diskoak. Egunkaria-rena gertatu zenean, Madrilgo lagunekin
elkarrizketa batzuk izan nituen eta kezkatuta gelditu nintzen urteetako
emaitza jasotzen ari delako norabide politiko jakin bat, euskaldungo
guztia testuinguru berean kokatzen duena. Behin hori lortuta, dena
zilegi da. Beharrezkoa dugu imajinazioa erabiltzea hortik ateratzeko
eta, gure kasuan, munduaren irakurketa diskurtso politiko murritz
batetik ateratzea. Aspaldian badut inpresioa gure gizartearen atal
baten joeraren porrot baten aurrean gaudela. Horrek merezi du aldaketa
handi bat eta irtenbide duinak aurkitzea. Nik kantuak neure ikuspuntutik
egiten ditut; ez komunitate baten ikuspuntutik; baina nire esparru
naturala hau da eta euskaraz ari naizen aldetik, honek ukitzen nau
oso barrutik. Horregatik, kantuak egiten ditut; hori da nire apurra.
Zaindu maite duzun hori kantuan aipamen zuzena egiten diozu kontu
horri («Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den,
hobe nuela hautatzea munduko hiritar izatea», diozu).
Egunkaria-ren ixtea salatzeko manifestazio erraldoi hartan elkartu
nintzen Tere Irastortzarekin eta aipatzen genuen euskaldun jendearen
indarra dela gure ahulezia bera. Dena borondatez, berotasunean eta
eskuzabaltasunarekin egiten dugu, eta ondo zuzendutako torpedoak
kolokan jartzen du borondatez egindakoa. Kantu horretan, adibidez,
aspalditik esateko nituen gauzak esaten ditut. Bob Marleyk Redemption
song hartan esaten zuen moduan, nik batzuetan «lortzearen»
aldeko kantuak egiteko gogoa izaten dut; askatzeko eta garbitzeko
kantuak egitekoa. Euskaraz ari garenok sentimendu hori badugu. Batez
ere, garai hauetan, euskaldun izateagatik gutxienez susmagarri garenean.
Dena dela, nik esan beharra daukat nire kezka, batez ere, hemengoarekin
dela. Nik askotan esan izan dut gehiago zaindu beharko genukeela
Euskal Herrian bertan erdal munduan zer eragin daukagun. Uste dut
askotan indartu egiten dugula euskal munduaren ghettizazioa.
Diskoan kantu guztien hitzak dira zureak, batena izan ezik, Kantuaren
gauza galdua Joseba Sarrionandiaren poema baten moldaketa baita.
Beti nago testuak miatzen, eta hau ikustearekin batera, berehala
etorri zitzaidan kantua gainera. Testua aldatu egin dut, berez Poesiaren
gauza galdua deitzen delako poema. Ez da erabaki pentsatu bat izan,
eta pentsatu izan banu, beharbada ez nintzen bertan sartuko, neurri
oso ezohikoa duelako. Baina asko gustatzen zait kantu hau kantatzea
eta uste dut oso ikuspuntu interesgarria duela. Kantuak oso irudi
interesgarriak ditu.
Ohi baino tarte laburragoa igaro da Hurrengo goizean diskoa kaleratu
zenuenetik. Azken aldian, bat-batekotasunaren eta naturaltasunaren
aldeko apustu sendoa egin duzu. Horren ondorioa al da hain goiz
iritsi izana?
Uste dut aurkitu dudala niretzat egokia den lan metodo bat. Musikariak
elkarrekin lan egiten dugu eta urrutiago iristen gara. Kantuak nituen,
eta Kenny (Wollesen) Suzanne Vegarekin eta Bill Frisellekin ari
bazen ere, prest zegoen hona etorri eta grabatzeko. Nik etxean ahalik
eta gehien osatzen ditut kantuak, baina denon artean lan egitea
gustatzen zaigu. Disko honetarako bageneukan beste produkzio lan
bat egiteko asmoa eta horrek aurreko lan bat eskatu dit. Lan bat
bukatzen dudanean, beti pentsatzen dut hurrengoan aldatuko dudala,
baina lan egiteko modu honetan oso gustura nabil. Ikusten dut kantuak
beste dimentsio batera pasatzen direla, eta inportantea da bakoitzak
bestelakotasun hori sentitzea.
Bide bat aurkitu duzula sentitzen duzu?
Askotan esaten dut neure kantuak oso pozik daudela bide honetan.
Ez dakit norainokoa den bidea, baina badut sentsazio hori. Kantuak
lasai dabiltza eta hori ederra da. Nik egin ditzaket beste hainbat
gauza eta orain, behin entseguetan hasita, gustatzen zait gauzak
aldatzea; baina bide horretan aise nabil, nahiz eta nire ustez,
disko batetik bestera aldaketa nabarmenak egon.
Lan handia dago naturaltasunaren bilaketa horretan?
Askotan, bat-batekotasuna aipatzen denean, ematen du ez dagoela
lan handirik. Baina material gordin hori orraztu egin behar da,
eta erabaki zer erabili eta zer ez. Halere, gauzarik ederrena da
dena oinarritzen dela zuzeneko interpretazioetan eta behin ere ez
dela galtzen arnas hori.
Hari horri tiraka segitzeko asmoa duzu?
Disko honekin badut lasaitasun bat, baina gogoa dut beste zerbait
egiteko ere. Oraindik ezin dut ezer esan horri buruz, ez nuelako
egia osoa esango. Alde batetik, pentsatzen dut zikloak agortu egiten
direla, eta bestetik, azkeneko diskoekin aurrerapauso bat eman dudala
iruditzen zait.
Hitzari ere naturaltasunez utzi diozu sortzen?
Bai, aurreko lanetan egindako bidean sakondu dut. Azken batean,
iturria ahal bezainbeste zabaldu dut. Niretzat oso metodo egokia
da, hitzari ateratzen uzten diodalako, gero orrazketa handia eskatzen
didan arren. Aspaldian kentze aldera jo dut, garbitze aldera, eta
hitzetan ere berdin egin dut. Dena dela, disko honetarako banituen
gai batzuk buruan aspaldiko partez, eta Zaindu maite duzun hori,
Kantuaren gauza galdua eta Gauza erabiliak dira horren lekuko. Uste
dut disko honek baduela lotura bat egoera jakin batekin, nahiz eta
niretzat oso zaila den beste inoren ahotsa jasotzea. Lortuko banu,
gehigarri bat izango litzateke niretzat. Dabilen harria eta Hurrengo
goizean giro batekin lotzen ditut nik; hau berriz kantu disko bat
da.
Dagoeneko lau disko egin dituzu Ben Monderrekin eta hiru Kenny
Wollesenekin. Lehenago aipatzen zenuen arnasa ez galtzeko oso garrantzitsuak
izango dira, ezta?
Afinitate izugarria dugu. Beraiek musikari oso handiak bilakatu
dira eta ezagun zaharrak izanik, niretzat oso gauza handia da daukagun
harremana. Gainera, harreman bitxia da, urrutikoa izan arren, urtean
zehar kontaktuan izaten garelako. Joan den urtean, adibidez, New
Yorken jo genuen elkarrekin zuzenean eta maiz hitz egiten dut beraiekin.
Ben, adibidez, Bill Frisellekin askotan etortzen da eta John Zornekin
ere etorri da berriki. Kennyk, berriz, jende askorekin grabatu du,
Norah Jonesekin, Rickie Lee Jonesekin aise elkartzen gara.
Oraingoan, Jonathan Maron Groove Collective taldeko baxu jotzaileak
hartu du parte diskoan. Nola gauzatu da harreman hori?
Maron soul, funk eta hip-hop baxu jotzailea da. Benen laguna da
eta beste aukera batzuk zeuden arren, hari iritzi genion egokiena;
azken batean ganbara oso betea duen musika mundu horretako partaidea
delako. Musikari hauek oso irekiak dira eta ikaragarrizko maila
izan arren, ez datoz erakustera. Kantuen alde egiten dute lan beti.
Diskoko kantuen interpretazioan lan handia egin duzula iruditzen
zait; kantuaren, hitzaren eta ahotsaren arteko oreka bereziki zaindu
duzula.
Gero eta gehiago nago sartuta arazo formaletan, eta kezkak ditut
fraseatzearen inguruan edo esatearekin. Baina zaila egiten zait
horri buruzko hausnarketa egitea; oso kontu fisikoa da. Askatasun
handiagoarekin interpreta daitekeela ohartzen naiz. Dena dela, horrek
ez du ahots teknikarekin zerikusirik.
Ohi bezala, Azkarateko Katarain estudioan grabatu duzu diskoa.
Bai, eta poza ematen dit Azkaraten elkartu eta horrelako gauza batekin
ateratzeko gai garela ikustea. Urteekin, gehiago ezagutzen dugu
medioa eta nire ustetan, samurrago iristen gara entzulearengana.
Luze hitz egiteko kontua da, musika grabatuaren alde artistikoan
ere teknikak baduelako zer esanik. Digitalizazioaren garaian, medioak
helburua ere bidera dezake.
Mundu horretan izan den aurrerapenak eragin du zure azken lanetan?
Bai, baina, beharbada, kontrako norabidean, nire asmoa delako grabazio
gelako giroa transmititzea eta baliabide guztiak horretarako erabiltzen
ditudalako. Azken batean, gaur egun entzuten dugunaren %80 makinekin
eginda dago, eta oraindik intuizioz antzematen ez ditugun aldaketen
aurrean gaude
Zer ekarriko du aurrerapen horrek?
Hainbat jendek entzuten du makinaz egindako musika eta horrek dakarren
aldaketa kualitatiboa izugarria da, arte mota ezberdinak ekarriko
dituelako. Oraindik oso modu oinarrizkoan egiten da hori. Musikaria
eta sortzailea naizen aldetik, nire burutazioak horretara bideratzen
saiatzen naiz, eragin artistiko izugarriak dituelako. Grabatzean
teknikak parte handia dauka eta zenbat eta askatasun handiagoa izan,
orduan eta positiboagoa izango da. Gero ikusi beharko dugu aurrerapen
horrek zer uzten duen bazterrean.
Elkarrizketa batean Robert Wyattek aipatu berri du asko gustatu
zitzaiola Ez da posible diskoan sartutako The age of self kantuaren
bertsioa.
Sekulako poza eman dit. Ilusio handia egiten dute halako gauza txikiek.
Bitxia da gertatu dena kontu honekin. Orain Henry Bengoa Inventarium
berriro argitaratzekotan dira, eta hor erritmo kutxa batekin grabatutako
The age of self-en bertsio bat azaltzen da. Ni Wyatten jarraitzaile
sutsua izan naiz beti eta bere helbidea lortu nuenean bidali egin
nion kaset bat bertsio horrekin. Astebetera postal bat bidali zidan
esateko lege kontuekin ez kezkatzeko eta bere kantu bat Europako
hizkuntza zaharrenean entzuteak sekulako ilusioa egiten ziola. Disko
honetan Free will and testament kantuaren bertsio bat egitekotan
izan naiz
Mikel
Lizarralde