Zabalik
------------------------------------------------------------------------
"Disko
berriak orain arte lortu ez dudan irekitasuna dauka"
Zuzenekoa atera ondoren, estudioko lan berria du Ruper Ordorikak,
Hurrengo goizean (Metak). Durangoko Azokan diskorik salduenetarikoa
izan da, eta oñatiarraren kantugintzan urrats berritzailea
da. Musikari amerikarrekin grabatu badu ere, ohiko Mugalaris bandarekin
joko du. Ostegunean, Donostiako Egia auzoko Jareño Kultur
Etxean izango dira. Izena. Ruper Ordorika. Jaioturtea eta herria.
1956, Oñati. Bizilekua. Duela hiru urte sorterrira bueltatu
zen, baina Euskal Herriko toki askotan bizi izandakoa da. Hamaika
urte zituela Gasteizera joan zen, eta ikasketak Bilbon egin zituen.
Txikitan, udan, Mungia eta Bakio ingurura joaten zen familiarekin
Lanbidea. Bilbon Filosofia eta Filologia ikasketak egin zituen,
baina berak esaten duen bezala, "unibertsitarioengandik urrutien
dagoen pertsona naiz".
SOLASKIDE, RUPER ORDORIKA -
Hurrengo goizean... zer? Zein egunen hurrengo goiza izan duzu
gogoan izenburua jartzeko tenorean?-
Musikarekin lotutako giro batekin zerikusia du izenak. Inor konbentzitu
beharrik gabe jotzen duzun une hori da; aurreko gaueko edo kontzertuaren
presiorik ez daukazu, plazer hutsagatik jotzen duzun une horiek
dira. Ni oso goizalea naiz, eta maite dudan musikak umore hori dauka,
goizeko malgutasuna. Normalean, izenburua hasieratik zehazten dut,
baina kasu honetan diskoa osatzen ari zen bitartean jarri genion.
- Ruper Ordorikak inoiz egin duen diskorik onena dela esan dute
musika adituek. -
Lehengoan idazle batek hala esan zidan, eta ezin izan nion erantzun.
Hala ere, bihotzez eskertu nuen laudorioa izan zen. Egin duzun azken
gauza onena dela entzuteak indar pittin bat ematen du. Denbora kontua
da, agian hurrengoak honakoa leku txarrean utziko baitu. Aspaldian
nire soka aurkitu dudala sentitzen dut, eta horri tiraka nabil.
Beti saiatzen naiz nire lana ahalik eta serioen hartzen. Horrela
egiten dut, eta ez neronek egina delako, funtsean kantuzalea naizelako
baizik.
- Hortaz, entzulea buruan daukazula sortzen dituzu kantuak. -
Ez salmenta aldetik; zorionez edo zoritxarrez, euskaraz dihardugunok
ezin dugu parametro horietan mugitu. Entzule naizen aldetik, berriz,
haiek nola hartuko duten imajinatzen ikasi dut, denboraren poderioz.
Neure buruan beti dago entzulea, euskalduna, gainera. Garrantzi
handia ematen diot hizkuntzaren senari, esaten ari naizenak hizkuntzaren
barruan euskarria izan dezan.
- Zein nobedade du disko berri honek? -
Zer daukan baino, zer ez daukan pentsatu beharko nuke, zer gauza
utzi ditudan bide bazterrean onerako izan direnak. Bernardo Atxagak
idazle baten hitzak aipatu zizkidan behin: idazteko lapitza erabili
behar da, baina are garrantzitsuagoa da borragoma erabiltzea. Gertutasun
handiko lana lortu dugula uste dut, neure kantuari lagundu egiten
diona. Azken hiru diskoetan bezala, musikatik abiatu naiz, ez testutik.
Ahalik eta gutxien zuzentzen saiatu naiz, eta zuzendu ditudanak
leuntzearen aldekoak izan dira.
- Nazioarteko hiru musikari bikain inguratu zaizkizu oraingoan.
Zer nolako esperientzia izan da hori? -
Saio horietan sentitu nuenaren laurdena transmititzea lortuko banu,
oso pozgarria izango litzateke. Musikak eman didan gauzarik onena,
asko errespetatzen ditudan musikariekin jo ahal izatea da. Ben Monder
eta Kenny Wollesekin lan egin nuen aurreko bi diskoetan. Lou Reed
edo Marianne Faithfullekin lan egindako Fernando Saundersek baietza
eman zidanean izugarri poztu nintzen. Elkarlana, nolabait, normaltasunaren
ondorio da. Askotan aurreiritziak izaten ditugu geure buruaz. Musikak
mugak gainditzen ditu, eta denok ulertzen dugun lengoaia bat dago.
Beste batzuetan, aldiz, konplexuz, apologiaz edo harrotasunez asko
mugatzen dugu gure eremua.
- Diskoa bat-batekotasunez eta ia entsegurik gabe egina izateko,
emaitza ez da makala... -
Aldamenean izan ditudan musikariek inprobisazioa lantzen dute, eta
musika eta doinua etorri ahala hartu ditugu, lehenengo arnasaldi
hori errespetatu nahi izan dugu. Ez da, ordea, lan erraza: entzuleak
giro natural hori antzemateko musikarien kalitatea beharrezkoa da.
Estudioan sartu aurretik ez zuten kanturik ezagutzen. Oinarrizko
kantua jo, eta horren gainean hasten ginen. Neure estiloari ondo
ematen dion formula da.
- Bateria, gitarra, eta baxua baino ez duzu erabili. Doinu xumeak
dira, baina oso atmosfera erosoa sortzen du. -
Horrelako diskoak gustatzen zizkit, albumak esaten direnak,
hau da, giro bat proposatzen duten horietakoak. Kantuak ezberdinak
izan arren, giro bat sortzea gustatzen zait, eta disko honek giro
hori sortzea du helburu.
- Zure lan berriak Hurrengo goizean du izena, eta zuzenean egin
zenuen aurrekoak Gaur . Etapa berri baten atarian al zaude? -
Ezagun batek esan zidan disko honetan abiapuntu bat bazegoela, ildo
honetatik beste hamar gehiago egingo nituzkeela. Erabat hunkituta
gelditu nintzen, litekeena delako. Iruditzen zait orain arte lortu
ez dudan irekitasun bat trasmititzen dudala oraingoan. Ezin dut
esan etapa berri bat denik, gauzak katean ikusi behar direlako,
agian hurrengoa Oñatiko Udal Bandarekin egingo dut...
- Nolako esperientzia izan zen Gaur zuzenekoa? - Oso polita,
baina lan handia izan zen hiru orduko hiru kontzerturen material
guztia entzun, eta zer sartu erabakitzea... Beharrezkoa nuen, ordea.
Ordurako kantu batzuk, eta taldea bera ere, beste norabide batean
hasiak ziren. Disko hark askatu egin ninduela uste dut: neure buruarekin
kontuak garbitu nituen. Bolada oparoa ixtea izan zen.
- Hogei urte igaro dira lehen diskoa atera zenuenetik, Hautsi
da anphora. Zer geratzen da Ruper hartatik? -
Funtsean kantuan egin nahi duen pertsona bera naizela uste dut.
Atzo goizekotzat dut sasoi hori, orduko musikari askorekin aritzen
naizelako oraindik. Interprete gisa, ordea, izugarri aldatu naiz,
eta horretan zeresan handia du entzulearengan pentsatzeko joera
horrek. Baina, betiko kantuen maitale izaten jarraitzen dut gaur
egun ere.
- Pasio duzun ogibidean oso tinko ikusten zaitugu, baina musika
uztekotan ere egon zinen, 1983an. Gure onerako, birritan pentsatun
zenuen... -
Musika oso lanbide gogorra da, beste edozein profesiotan askoz segurtasun
handiagoa dute. Horrez gain, ni mundu honetan behar batengatik sartu
nintzen: gogoa nuen neure gauzak egiteko, ez bainuen euskaraz entzuten
nik maite nuena. Asmo hori martxan jartzea neketsua da. Jendaurrean
ikasi behar izan dugu, eta batzuetan barregarri eta bestetan oso
gauza onak eginez ikusi gaituzte. Halako batean, ez nuela nahikoa
egiten pentsatu nuen, ez nintzela iristen, eta sasoi horretan musika
uztekotan izan nintzen. Gero, Londrestik erabat indarberrituta bueltatu
nintzen.
- Beste bidaia batek, New Yorkerakoak oraingoan, zure ibilbideko
beste sasoi bat eragin zuen: Hiru Truku. -
Kanpoan egoteak hemengoa hobeto ikusteko bidea ematen dit, bai neure
burua bai Euskal Herria bera ere. Ameriketan nengoela erabaki nuen
Hiru Truku egitea. Ordu arte ez nintzen ausartu, entzulea nahastuko
ote nuen beldur bainintzen: rockerra, kantugilea eta kantu zaharren
moldatzaile oraingoan... Hona etorri, eta Bixente Martínezi
deitu nion asmoaren berri emateko. Bera oso gizon ordenatua da,
ez ni bezala, eta duela hamar urte Ingalaterratik bidali nion gutun
bat ekarri zidan: kantu zaharrak lantzeko egitasmoa aipatzen nion.
Bi disko atera genituen Joseba Tapiarekin batera, Bizkaiko aspaldiko
kantuekin. Ez nuke esango etapa hura bukatuta dagoenik, denborak
esango du.
- Azken diskoa musikari amerikarrekin grabatu baduzu ere, oholtza
gainean betiko Mugalaris izango dituzu aldamenean. -
Aspaldiko banda dut, ehunka kontzertu egin ditugu elkarrekin: Javi
Antoñana, Nando eta Alberto de la Casa eta Iñigo Goldazarena.
Kontzertuetan disko berritik abiatuko gara, baina ziur nago denboraren
poderioz bere bidea hartuko duela. Beti saiatu izan naiz musikarien
ondoan egoten, ez zait gustatzen Ruper gehi izenik gabeko giza taldea
aurkeztea. Orduan izen bat bururatu zitzaidan, Mugalaris, gaztelaniaz
deklinatua. Gobernuz Kanpoko Erakunde antzeko taldea da: nire kantuei
nahigabe ezartzen dizkieten mugak gainditzen laguntzen diete. Horrez
gain, neure urteetako baxu-jolea Alberto de la Casa, sortzez Arabako
azken herrikoa da, Burgos eta Araba artekoa eta horregatik dago
deklinatua erdaraz.
- Maiatzean Maddi Oihernart eta Joseba Tapiarekin musika jaialdi
batean izan zinen Uzbekistanen. Nolako esperientzia izan zen? -
Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak hango Frantziako enbaxadaren
bitartez jaialdian parte hartzea lortu zuen, eta frantses gisa joan
ginen. Uzbekinstanen Errusiatik banandu osteko hamargarren urteurrena
ari ziren ospatzen. Oso esperientzia interesgarria izan zen, ikusi
baikenuen oso pribilegiatuak garela, benetako izartzat gintuzten.
Lehenbiziko kantaldian Uzbekistango kultura ministroa izan genuen
aurkezle. Musikari tadjikistandarrak, uzbekistandarrak, kazakhstandarrak
eta georgiarrak zeuden.
- Nola ikusten duzu euskal musikaren panorama? -
Oso osasuntsu dagoela esango nuke, Durangoko Azokari begiratu baino
ez dugu egin behar. Gaur egungo eskaintza inoiz baino altuagoa da,
kopuru zein kalitatez. Hainbat urtetan ez da kantugile berririk
agertu, baina azkenaldian, gero eta gehiago ateratzen ari dira,
eta oso disko onak egiten dituzte.
HITZ BITAN
Pott Bandan kide izandako Joseba Sarrionandia eta zeu, nor bere
alorrean, Durangon gehien saldutakoak... ez dago gaizki. Ez
dakit nola neurtu gauza hauek. Etorkizunera batere begiratzeko asmorik
gabeko taldea izan zen Pott Banda, nahiz eta gerora euskal kulturgintzan
ondorio handiak eduki. Badirudi han ginen guztiok gure eginkizunetan
dihardugula.
Zer izan zen etapa hura zuretzat?
Denborak ematen duen distantziatik esan behar dut, gerora egin ditudan
gauza askoren oinarria izan zela giro hura. Taldearen genesia, badakit,
Bernardok bultzatu zuen, baina ez dut belaunaldi espontaneoetan
sinesten. Harreman oso inportanteak izan ziren, Sarri, Iturralde,
Atxaga....
Gero beste dimentsio batzuk hartu ditu talde horrek. Musikari izan
ez bazina...
Ez dakit zein bide hartuko nukeen, baina musikari izan ez banintz
segur aski hemendik urruti biziko nintzateke, beste nonbait. Nire
lana egiteko hemengo lehengai hau behar dut, hitz hauek, mundu hau.
Edonola ere, gaztetan ez nuen neure burua kantari ikusten, inondik
inora. Ez genuen planteatzen; gaur egun, ordea, hogei urteko gazteek
taldeak osatzen dituzte, baina gure denboretan oso zaila izan zen.
Euskal Herritik kanpo ezagutzen zaituzte? Ez al da izen euskaldunegia?
Euskalduna baino, judu-poloniarra ematen du batzuentzat! Ezin naiz
kexatu, Madril eta Bartzelonan, nagusiki, jarraitzaile dezente baitauzkat,
oso fidelak gainera. Oraindik, alabaina, kontu anekdotikotzat dugu.
Murtzia eta Salamankan ekitaldi batzuk hitzartu ditut duela egun
gutxi.
Zein da kontzertuetan gehien eskatzen dizuten abestia? Gezurra
badirudi ere, non jotzen dudanaren arabera da. Bilbon, esaterako,
ezin da kontzerturik amaitu Berandu dabiltza jo gabe; Iparraldean,
berriz, Ez da posible.
Estudioa ala zuzenekoa? Azkenaldian, egia esan, oso esperientzia
onak izan ditut estudioan bertan. Oholtzan, aldiz, duela gutxi hasi
naiz gozatzen. Nire iritzirako ez naiz eszenatoki batera igotzeko
behar beste ausarta, benetan asko maite behar dut musika errepertorio
hori eszenatoki batera igotzeko. Orain, une oso onak pasatzen ditut
agertokian. Non igaroko dituzu Gabonak? Hainbat kontzertu ditut
tartean, baina nire bizileku izan diren tokietan izango naiz: Oñati,
Bilbo eta Gasteizen. Era berean, Nafarroa aldera joko dut.
Aitziber
Bilbao