RO
1970 aldera Euskal Hiria osatze bidean zen.
Ordu arte inoiz ere ez ziren batera joan izena eta izenlaguna.
Ahoz aho zebiltzan euskal Mendia, Lurra, Aberria; baina mundua
benetan zabal egiten duen espazio pribilejiatu horrek debekatua
zirudien euskaraz jardun nahi zuenarentzat, izenlagunak zehazten
duen hizkuntzan espresatu nahi zuenarentzat. Bazirudien norbaitek,
Denboraren jabeak, esaterako, honako agindua emana zuela:
hizkuntzaz aldatu ala lekuz aldatu. Eta horrek,
ROri dagokionez, zera esan nahi zuen: Adixkide, musika
erromantikoa edota abertzalea egin beharko duk. Bestela jai
daukak. Mezua arras argia zen. Bakardadea zekarren.
Eta gainera, madarikazioa zen, tranpa bat.
ROk bakardadeari eutsi, eta aurre egin zion bide luzeari kemenez
eta intelijentziaz. RO madarikazioaz ahaztu zen: hasiera-hasierako
diskoetatik erabili dituen gaiak denetarikoak, orokorrak,
laikoak izan dira: labanderia bat, furgoi beltza, emakume
baten bisita...RO ez zen tranpan erori: mugaren bestaldera
jauzi egin beharrean, haren ondoan geratu eta bere historia
onartu zuen. Ez zen bihurtu ipuinetako kamaleoi, edo Musikaren
Banku Nagusiaren sukurtsal. Ez da Turistentzako Nazioarteko
Euskal Kantaria. Kantari berezia izaten jarraitzen du, hainbeste
maite eta gorroto duen Euskal Hiriarekin, hain hurbil eta
urruneko zaion Euskal Hiriarekin konprometitutako hitz eta
doinuak eginez.
Bernardo
Atxaga
