1980an, ANPHORA HAUTSI zan eta ezohiko kantugile
bat ezagutu genduan. Disko arraroa garairako: berezia zan
musika, estrainioak berbak, eta kantariaren boza be ez zan
arrunta. Euskara-irakasleak Ruper Ordorika izeneko baten zinta
ipinten euskun klasean eta, halantxe, gure gaztaroko ordu
batzuk markatu beste erremediorik ez jakon geratu.
Laster, barriro agertu zan, bera NORUEGAKO ERREGE ez zala
esanez. Gora eta behera egiten eban soka baten moduko ahots
ilunagaz, silaba luzeetan eta nota baxuetan olgetan geratzeko
proposamena egiten euskun. Bernardo Atxaga, Jimu Iturralde,
Sarriren poemak eta Ruperren beraren lehen testuak soka elektrikotan,
bateria seguru eta mandolina gardenetan bilduta ikasi genduzan...
nahiz eta betiko geratu ginan furgoi baltzaren destinoaz intrigatuta
eta bertan bueltatxo bat emon ezinaz penatuta.
1985. Rock gogorraren zipriztinak. BIHOTZERREAK sortu. Badakigu
zer dan bihotzerrea, estomaguko molestia, bai, baina igual,
kasu honetan, medikura Joan zan aguretxo xelebrearen txistean
lez, "korason kemau" be bai, ezta? Sasiak erreteak
bihotza erreten dau, eta begiak be bai.
Eta gero, bost urtetan zehar, batzuetan lagun batzuekin
Hertzainak taldearekin; bestetan beste batzuekin HENRY
BENGOAREN bila. Baekian berak "bidaiaz akiturik ongi-etorria
aurkituko ebala lagun berriengan". Betaurreko lodi, patilla
handi eta marradun alkondaradun gazte bat ikusi genduan errepide
huts eta luze baten, gitarra eskuan eta geuri begira. EZ DA
POSIBLE.
"Unibertsala izan nahi badozu, hitz egin zeure herriaz".
Horixe dinoe asko dakienek. Kantugilea New Yorkera Joan zan
eta katalejuekin begiratu eban Euskal Herrirantz. Begira eta
begira, altxor bat aurkitu eban: Mendebaldeko kantu tradizionalak.
Eta beste turku birekin Joseba Tapia eta Bixente Martinezegaz
alkartuta, HIRU TRUKU asmatu eta deliziak platerean bistan
jarri euskuezan. Interpretazio-modu barriztatu bati esker,
geureago bihurtu eben geure folcka, geure kantu zaharretako
malenkolia eta umorea, arrosatxuak eta krabelinak (txanda
bitan: 1994an eta 1997an).
SO'IK SO' (1995) Ruper, 1995ean. Ireki begiak. Aldatu egin
naz. Betikoa naz. Aldatu egin gara. Betikoak gara?
Ze estrata, kale eta bide asko dagoz egon Ruperren kantuetan,
beti aurrera begira, bideak galbideak izan arren. Izan be,
ibiltea da kontua: DABILEN HARRIAri ez jako goroldiorik egiten.
Musikaria bere harriari sakatzen, eta ez bide errezetik. Badakigu
"ez dela erraz nabigatzea, ez itsas barean, nahiz ontzi
ederrean bakarka..." baina zer "Besarka ezazu asmo
eder bat gogotik, oratu ezazu gaurko eguna besotik".
Atzotik GAUR bitartean, erreibindikatu ditu pertsonaia gogoilunak,
oroimenak eta oroiminak, urratsak edurretan, ezer kontateko
ez daukeen gizakiak, euren historia isila aldean daroen ezezagunak.
Diskoetan sortutako giro horrek rupertozale fidel asko erakarri
ditu.
Azken baten, aspaldi apurtu zan anforaren pusketak ez ditu
hautsak estali. Hara eta hona ibili dira, airez edo lehorrez,
eta ibilian, jatorri askotako eta molde desbardineko musikariak
ezagutu eta musikagintzara ekarri eta aberastu. Uztailaren
26an, gabeko hamaiketan, Lekeitiora heldu dira, gure memorian
geratzeko, ez alperrik, MUGALARIS lagunduta, musikari konplizeak
alboan, aspaldiko banda, mugak gainditzeko. Guk gordeta dugu,
bai, "desiorik onena: sasoi lainotsuetan ere, HURRENGO
GOIZEAN ere, ustekabean, agerian geratu daitela elkarrenganako
bidea".
Miren
Agur Meabe (02-7-26)
