Gara
------------------------------------------------------------------------
«Mundu
zailetara joan beharrean, bide errazago bat aurkitu dut»
Nazioarteko punta-puntako musikariekin grabatu du Ruper Ordorikak
«Hurrengo goizean» diskoa, baina ur handitan sartu beharrean,
xumetasunaren aldeko apustua egin du. Lehenbizi, oinarrietara jotzen
duen azken lan honetan arnasa errespetatzen saiatu da. Biluztasunerantz
jotzeak ez du baina, elaborazio faltarik ekarri, Ordorikaren lana
sakon landutakoa baita. Gaur Santurtzin aurkeztuko du zuzenean diskoa
Mugalariekin batera. Bihar Tafallan izango da, igandean Urruñan
eta astelehenean, berriz, Bartzelonan. Ruper Ordorikari ametsa egia
bihurtu zaiola esan daiteke. Azkarateko Katarainen estudioetan grabatutako
"Hurrengo goizean" diskoan luxuzko lankideak izan ditu:
Lou Reed musikariaren baxu-jotzaile den Fernando Saunders, Bill
Frisell gitarra-jotzaile ospetsuaren azken diskoan baterian aritu
den Kenny Wollensen eta aurreko bi diskoetan ere berarekin lan egin
duen Ben Monder gitarrista. Eta kalitatez hornitu ondoren, kantu
garbi eta naturalak atera zaizkio.
Orain arte argitaratu dituzun lanetatik biribilena al da «Hurrengo
goizean»? "Hurrengo goizean" lan anitza da hau.
Kantuek norabide asko dituzte, ez dira norabide bakarrekoak, eta
alde horretatik disko osatua da. Uste dut nolabait erakusten duela
nirea dela. Saiatu naiz lana ahalik eta txukunen egiten eta, alde
horretatik, pozik geratu naiz, ez baita hori beti gertatzen. Uste
dut nik egin nahi nuena disko horretan dagoela.
Idazle eta hainbat musikariri entzuna diet denboraren poderioz
xumetasunera jo dutela beren obretan. Zuri ere gauza bera gertatu
al zaizu? Ni saiatu naiz hasierako arnasa gordetzen, eta horrek
eraman nau "Dabilen harrian" diskoan erabilitako metodo
batera, alegia, elkarrekin grabatzera. Horrek badu zuk esaten duzunetik
zerbait. Ni saiatu naiz lehendabiziko arnasa errespetatzen, hasierako
hori baloratu eta zaintzen. Horixe nahi nuen eta, arrazoi duzu,
disko honekin oinarrietara jo dut. Badirudi elaboraziorik ez duela,
baina badu, landutako diskoa da eta. Beraz, inprobisazio hori aurrez
aztertua izan da. Horixe da. Hasieran sortutakoa gordetzea zen nire
erronka.
Zertan nabaritzen da diskoan berezkotasun hori? Ez dauden gauzetan.
Uste dut musikari handiek bakarrik egin ditzaketela gauzak hain
samur edo samur itxurakoak. Ez daude nik maiz erabili ditudan pasarte
landuak, korapilatsuak. Nik azken diskoetan doinutik hasita egin
dut lan eta uste dut horrek eraman nauela askoz ere eremu formalago
batera. Askoz gehiago erabili ditut errimak, errepikak. Bestalde,
soinuetan eta nahasketan ere saiatu gara ahalik eta naturalen jokatzen,
eta, beraz, efektu munduan oso baliabide oinarrizkoak erabili ditugu.
Fernando Saunders, Ben Monder eta Kenny Wollensen musikari handiekin
grabatu duzu. Egia bihurtutako ametsa izan al da? Musikak
niretzat duen gauzarik onena nik miresten ditudan musikariekin jo
ahal izatea da. Monderrekin jada hirugarren diskoa dut. Nik halako
batean oso garbi ikusi nuen askotan oso mundu txikian jokatzen dugula,
eta norberak asmo bat izanez gero eta horrek nonbait pisua edukiz
gero, berehala lortzen dela komunikazioa. Zenbat eta musikari hobea
izan, orduan eta samurrago jotzen da oinarrira. Nik urtetan izan
dut harremana musikari hauekin eta lagun onak egin gara. Badugu
elkarren artean komunikazio arin bat. Oro har, amets bat dela uste
dut.
Ekinaren ekinez lortzen den fruitua. Askatasuna eman al diezu musikari
horiei? Bai, jakina. Nire kantuen inguruan hasi eta gehienetan
beren martxan uzten ditut. Horrek aldaketa bat eskatzen dit niri,
eta oso zabalik jokatzea.
Grabazioa atzerriko musikariekin egin duzu eta zuzeneko emanaldietan
Mugalariekin arituko zara. Diferentzia handia al dago? Maiz
egin dudan gauza da eta nik horretan ere aise jokatzen dut. Nik
neronek asko eskertzen dut niri gustatzen zaizkidan musikariekin
zuzenean aritzea, badakit zenbaitek nahiago dutela grabaziokoei
eustea, baina hemengo musikariak ikaragarrizko maila duten interpreteak
direnez, ez dugu inoiz inolako arazorik izan. Nire ustez, horretan
ez dugu beldurrik izan behar.
Entzuleak disko hau nola hartuko duela uste duzu? Entzuleak
disko hau gustura hartuko duela uste dut. Ez dakit zergatik esan
behar dudan hau, baina halaxe pentsatzen dut.
Disko honen bitartez zuk daukazun entzuleria fidelaz gain beste
entzule mota bat ere erakarri dezakezula uste al duzu? Egia
esan, ez dakit. Kopuruari begiratuz gero, hori gertatzen ari dela
suma dezakegu. Uste dut norberak baduela entzule mota bat buruan
eta nik neronek izaten dut bat hasieratik, asko eskatu eta txalo
asko egiten dizkidana. Babesa ematen dit, baina babes horrek berak
entzuleei asko ematera behartzen nau gero. Entzule mota horrek hor
jarraitzen du.
Abestiak konposatzen dituzun unean buruan izaten al duzu entzuleria?
Bai. Beno, lehenengo momentuan ez. Saiatzen naiz lehenengo arnas
hori gordetzen, baina gero ofizioa dator eta hor bai, hitzetan eta,
kontuan izaten dut gure mundua. Musikan, ordea, ez. Nire hari matazari
egiten diot tira.
Ba al dago gai nagusirik disko honetako hitzetan? Denetarik
dago. Oso gutxitan egiten dut gai bati buruzko kanturik. Egin izan
ditut eta disko honetan badago baten bat, baina gehienak kantuak
dira. Nire eredua kantu zaharrak dira. Hauek batzuetan oso zuzenak
ematen dute, baina ez dira zuzenak, zeihartasun bat dute, eta nire
ustez, badago hor iturri bat neure sentimenduak kanporatzeko. Batzuetan
pentsatzen dugu kantu ona iritzi logiko bat ondo adierazten duena
dela, eta badira tankera honetako kantu zoragarriak, baina maiz
guk maite ditugun kantuek ez dute horrelakorik adierazten. Kantatuz
gero, hitzek indar magiko bat hartzen dute. Egunero erabiltzen dugunak
kantuan jarriz gero, beste oihartzun bat izan dezake eta hori da
kantua. Bestalde, disko honetan saiatu naiz esanindarraren balioa
ere onartzen.
Nola deskribatuko zenuke egin duzun ibilbidea? Ez dakit. Ez
diot inongo arauri jarraitzen honetan eta gauzak etorri bezala egin
ditut. Konturatzen naiz barrutik ari naizela lanean, nahi nuen bezala,
hobeto ulertzen dudala nire eginkizun hau eta, beraz, hobeto ulertzen
dudala nik neure burua. Kantuan egitearena osagarri bat da, terapeutikoa.
Nire ustez, nire ganbarako guztiak ateratzen ari naiz eta oraindik
asko daukat egiteko eta ikasteko. Oso gertu daukat hau dena, ezin
dut deskribatu.
Baina Ben Monderrekin lan egiten hasi zinenetik aldaketarik gertatu
al da? Nire ustez, bai. Badago hor eten bat. Une batean aurkikuntza
bat egin nuen. Nik kantuak egin eta horren alde jokatu behar nuela
iruditu zitzaidan. Ez zela musika onik baldin eta kantuari ez bazion
laguntzen. Kanpoan egon nintzenean zenbait musikari ezagutu nituen
eta jakin nahi nuen nire kantuak halako testuinguru batean ondo
ibiliko ote ziren. Ongi asko ikusi nuen baietz. Nire kantuek harrezkero
beste itxura bat dute eta pozik daude hor. Beraz, kantuak beste
modu batera osatzen hasi nintzen. Gauzak samurtzen hasi, eta dena
batera etorri da ondotik. Nire harridurarako, mundu zailetara joan
beharrean, bide errazagoa bilatu dut.
Karmele Jaio