Gara
------------------------------------------------------------------------
«Gertukoa eta aldi berean helduezina da disko hau»

Ruper Ordorikak «Hurrengo goizean» bere hamabigarren lana aurkeztu du Bilbon «Hurrengo goizean» du izenburua Ruper Ordorikaren hamabigarren lan diskografikoak. Oso lan «gertukoa, baina aldi berean helduezina» da, kantariaren esanetan. Oñatiko musikariak kanta bat egiteko orduan duen lehenengo inpultsoari eutsi nahi izan dio, ofizioa gerorako utziz eta hasierako freskotasunari eta sintzeriateari jarraituz. Gertutasun hori lortzeko nazioarteko goi mailako musikariekin lan egin du Ruperrek. Malenkoniatsua eta aldi berean alaia; oso gertukoa, baina helduezina. Horrela deskribatu zuen atzoko aurkezpenean Metak disko etxeko Asier Zuluk "Hurrengo goizean" diskoa. Ruper ados zegoen. «Hellmanek poeta handiak esaten du behar dela garbitasun bat, hau da, aurreiritzien aurka jokatu behar dela poesia idazterakoan. Hori geurera eramatea gehiegi bada ere, metodo bezala horrelako zer edo zer erabili dut nik». Hala, bere asmoa «iturria zabaldu eta hasierako asmoari oztopoak ez jartzea» izan dela aitortu zuen, «ofizioa gerorako utziz». «Saiatu naiz benetakotasun baten atzetik -gehitu zuen- kantuak zetozen bezala onartzen, musikan nahiz hitzetan». Eta hori «muturrera eroan» nahi izan du, bai grabatzeko metodoan -«denok elkarrekin eta aurretik ezagutzen ez zituzten kantuak erabiliz»-, bai produkzioan. «Geure asmoa gertutasuna lortzea izan da. Horrek, tamalez, ez du lan gutxiago ekartzen, nik uste nuenez. Lan handia eman digu, beharbada iritsezina den zerbaiten atzetik ari ginelako». Beraz, musikariak elkartu eta kantuak «zetozen bezala» jotzea izan da disko berria erditzeko jarraitu duten metodoa. «Musikari handiak behar dira horretarako -esan zuen Ordorikak-. Zenbat eta handiagoak, orduan eta aukera gehiago daude gauzak bere horretan gordetzeko». Hamaika kantu biltzen dituen disko hau abuztuko bost egunetan grabatu zuten Azkarate estudioetan, oso ingurune atsegina Ruperrentzat, «etxean baino hobeto» sentitzen baita hor. Beharbada, paraje zoragarri horrek izan du eraginik disko honen azala aukeratzeko orduan; oso koloretsua eta naturaz betea dauka, ohiko joera apurtuz. Badago, gainera, bertan egindako kantu bat ere. Beste tempo batean Normalean izenburuak aurretik pentsatzen ditu Ruperrek, baina kasu honetan ez zeukan garbi. Halako batean, esku artean musikari buruzko lan bat zuela, irakurri zuen halako musika batek bazeukala hurrengo goizean egina izatearen ondorioa. «Iruditu zitzaidan oso kalifikazio ona nik maite dudan musika askorentzat. Niretzat, ''Hurrengo goizean'' nolabaiteko lasaitasuna edo beste tempo batean ikusten den sasoi hori» da. Abesti gehienak Bilboko Kafe Antzokian grabatutako zuzeneko diskoaren ondotik idatzitakoak dira. Ben Monder gitarra-jotzaile amerikarrak parte hartu du disko honetan, hirugarren aldiz. Kenny Wollesen -Tom Waits eta Bill Frisellen bateria-jotzailea- ere gonbidatu du, bigarren aldiz. Eta Fernando Saunders, Lou Reeden baxu-jotzailea, izan da disko honetan grabatu duen beste izar bat. «Badaukat harreman bat musikari hauekin, adiskidantza terrenoan sartzen dena -azaldu zuen Ruperrek-. Maiz hitz egiten diogu elkarri egiten eta nahi dugunaz, eta, ildo horretan, oso gertukoak ditut. Monderrekin egin dut zuzeneko asko eta Kennyk beti deitzen nau biratan inguruan dabilenean». Fernando Saundersen partehartzea beste istorio bat izan da. «Jonan nire anaiak badu harremana aspaldian Fernandorekin. Orain dela hiru urte eman zion ''Dabilen harria'' diskoa, eta asko gustatu zitzaiola esanez idatzi zigun. Asko estimatu genuen hori, baina pentsatu genuen kortesiaren barruan sartuko zela. Baina badirudi benetan interesatu zela eta hau proposatu ziotenean, oso gustura etorri zen». Jonan Ordorika eta Angel Katarain soinu-hartzaileak izan dira. Joseba Tapia eta bere ohiko kolaboratzaileak -Alberto eta Nando de la Casa- egin dituzten ekarriak ere eskertu zituen Ruperrek. Herriz herri aurkeztuko du orain diskoa Ordorikak, betiko musikariekin. Santurtzin hasiko dira 23an eta gero Tafalla, Urruña, Bartzelona, Bilbo, Aezkoa, Gasteiz, Donostia, Berango eta Elgoibarretik pasatuko dira, Gabonak aurretik.

Karoligina Almagia