Euskaldunon
Egunkaria
------------------------------------------------------------------------
Egunkariak, Galdeiozu
izeneko atalean bere irakurleei ematen die egunero eta astebetez
pertsona bati galderak luzatzeko aukera. 2002. urtarrilaren 2 tik
6ra Ruper Ordorika da elkarrizketatua
------------------------------------------------------------------------
Zure kanten letrek bilakaera bat izan dute: zeurerik ez izatetik
denak zeureak izatera. Ausartago bilakatu al zara? >>Ander
Telletxea (Oiartzun)
Alde batetik, identifikazio handia behar dut testu bat musikatu
eta kantatzeko. Bestetik, nonbait bilakaera naturala izango da orain
neure testuekin ibiltzea. Hitzak eta doinua batera ekartzeko asmo
horretan dena da zilegi. Gauza bat esango dizut: neuk egindakoak
bezain hurbil sentitzen ditut inoiz liburutik atera eta musikatutako
poemak. Dena den, iruditzen zait poliki-poliki aurrera noala hitzak
eta doinuaren arteko hori gehiago ezagutzen. Badakit poema on batek
ez duela derrigorrez kantu on bat egiten, ez eta doinu on batek
kantua segurtatzen. Ausartago al nabilen? Ausardia baino gehiago,
konfiantza kontua izango da. Pentsatzen jarrita, ez ote zen ausardia
handiagoa bere garaian Esparta, Liliput kantatzea.
Zer
bilatzen duzu zuzeneko kontzertuetan eta zein da jasotzen duzun
sentsazioa? >>Jon Ruiz (Donostia)
Entzulearenganako zubi bat bilatzen da, nonbait, zuzeneko emanaldietan.
Musika, beste zenbait espresiobide ez bezala, entzuleen aurrean
gauzatzen ahal da eta niretzat osasungarri izan ohi da: sendabelarra.
Kantuak esateko gogoa edukitzen dut eta neure musikari lagunekin
bat egin eta gozatzeko, zubiaren erdiraino behintzat joan gaitezen.
Gauza da kontzertuetan gorabehera handiak izaten direla eta sentsazioak
ere horrela ibiltzen direla: gora eta behera. Zenbat eta gehiago
ibili kantuan, are gehiago estimatzen dut entzutera etortzen zaiguna.
Ruper,
berandu zabiltza? >>Miren Suberbiola
(Iruñea)
Ahal bezala nabil, ahal bezala. Gehienetan goiz, batzuetan berandu
eta, hori bai, oso gutxitan garaiz. Kontua ibiltzea bera omen da.
Geldirik ez egon etab. Badakizu ipuina: munduan beste asko lez bazihoan
behin Ehunzangoa eta bidean topo egin zuen Armiarmatxoarekin. Honek
galdetzen dio: «Hi, Ehunzango, zelan itten dok hik ibiltzeko?
Lehenengo ezkerreko zangoa eta gero eskumakoa eragin ala lehenengo
ezkerreko berrogeitahamarrak eta gero eskumako berrogeitahamarrak
ala binaka ala...?». Galdera entzunda Ehunzangoa pentsatzen
jarri zen eta ez ei zen sekulan gehiago ibili.
Aspaldian abestian kontatzen dituzunak zure bizitzako
pertsonaia eta gertakizun errealak dira? >>Iñaki
Peña eta Maider Kortajarena (Bilbo eta Errenteria)
Bai. Aspaldian amama Gregori zenari egindako kantutxoa da, ondo
bihotzean daukadanari egindakoa. Doinua egina neukan eta amamari
abesti bat egiteko gogoa ere bai, baina denbora behar izan nuen.
Uste dut gure ohituretan zail egiten zaigula familiaz aritzea intimitatetik
kanpo. Anglosaxoiek beste modu batera hartzen dute gaia: badira
inglesez kantu ederrak etxekoei buruz, erromantizismotik urruti.
Amama Gregorik bazuen aspaldiko bere munduaz oroimen bizi-bizia
eta ironikoa ere bai. Jaiotzez Ataun San Gregoriokoa, maisu- maistra
euskaldunak izanik, aitxitxe Eliasekin batera eraman zuten Bizkaiko
lehen eskola euskaldunetara, Errepublika garaian, aspaldian.
Zein da Martin Larralde kantaren esanahaia? >>Ainhoa
Etxarri (Iruñea)
Joseba Sarrionandiaren poema honek harrapatu egin ninduen, bat-batean:
lehenengo kantua osatu nuen, eta gero pentsatzen jarri. Poema eder
hori ikusi egiten da. Baita usaindu ere: leun igotzen den kearen
usaina... Martin Larralde Bordaxuri ez zen sekula itzuli Hazparnera,
galeretan hil zen. Galerianoaren khantorea idatzi eta nork gordetzen
zuen gogoan koblakari hura?: Inork ere ez du koblakaririk behar.
Urrutira behartua denak badaki sorterriko egunerokoa krudela dela.
Ohiturak, erruak, barkamenak ahaztura babesten dutela, Hazparnen
nahiz Durangon.