Euskaldunon
Egunkaria
------------------------------------------------------------------------
Bat-batekotasuna eta naturaltasuna
oinarri dituen soinua bilatu du oñatiarrak
Ruper Ordorikak "doinu eta hitzen iturria" zabaldu du
bere disko berrian Ben Monder, Kenny Wollesen eta Fernando Saundersekin
grabatu du ÔHurrengo goizean" Ruper Ordorikak Hurrengo
goizean (Metak) disko berria, bere hamabigarrena, kaleratu du. Ben
Monder gitarrista, Fernando Saunders baxu jole eta Kenny Wollesen
bateria jolearekin grabaturiko lan honetan bat-batekotasunean eta
naturaltasunean finkaturiko oinarrizko soinu baten bila jo du berriz
ere kantari oñatiarrak. Bilaketa lan hura Monder eta Wollesenen
laguntzarekin aurreko diskoan "Dabilen harria"abiatu zuen
Ordorikak. Disko hartan lortutakoak arras ase zuen, baina oraingoan
are urrutirago joan nahi izan du. "Dabilen harria bezala, entseatu
gabe sartu gara estudioan eta iturria zabaldu dugu, doinuak eta
hitzak isur zitezen. Gakoa zen une bereziak harrapatzea eta entzuleak
gauza bera sentitzeko moduan jasotzea. Aurreko diskoaren esperientzia
genuen alde, baina oraingoan urrats bat gehiago egin eta naturaltasun
hori ekoizpenera ere zabaltzen saiatu gara", azaldu du. Kontraesana
dirudien arren, bat-bateko soinu horren bilaketan "lan handia"
dagoela eta egiteko "oso musikari onak" behar direla dio
Ordorikak. Hirugarren aldiz jo du Monderrengana, eta bigarren aldiz
Wollesenengana, biak kalitatea egiaztatua duten musikariak. Diskoko
ustekabe nagusia ordea, Lou Reeden taldeko baxu jole Fernando Saundersen
parte hartzea izan da. Harekin lan egiteko aukera baliatu izana
Jonan Ordorika bere anaiari zor dio Ruperrek. Dabilen harria-ren
kopia eman zion Saundersi Lou Reeden kontzertu baten ondoren, eta
baxu jole estatubatuarrari gustatu zitzaion. "Musikarien artean
ohikoak dira horrelako adierazpenak ondo geratzeko, eta Saundersen
kasuan gauza bera pentsatu nuen. Baina gero diskoa grabatzeko prest
agertu zen eta erakutsi zidan benetan gustukoa zuela nire lana,
melodiak zekizkien. Diskoan ez du bilatu bere burua nabarmentzea
eta hori ere eskertu behar diot, duen kalitatea eskaintzera etorri
da", azaldu du Ordorikak. Estilo aniztasuna Beharbada Hurrengo
goizean da, kantuen estilo aniztasunari erreparatuta, Ruper Ordorikak
inoiz grabatu duen diskorik osatuena. Bihotz begiekin da lehen singlea,
baina Ttikiegi edota Noeren ontzi batean ere izan zitezkeen, intimismo
eta malenkonia hunkigarriak gainezka egiten dute beste batzuetan
(Zure ate ondoan, Fatuaren baitan), eta beste sorta eder bat su
motelean egositako kantuek osatzen dute (Zazpigarrenean, Desiorik
onena, Mila gau edota Gorde-gordeka, azken horretan beste modu batean
abestera "ausartu" da Ordorika). Zuzeneko emanaldietan,
Nando de la Casa (bateria), Dani Perez eta Javi Antoñana
(gitarra) eta Josu Gereñorekin (baxua) ariko da Ordorika.
Lehen aurkezpen kontzertua Santurtzin emango du hilaren 23an, hurrengo
egunean Tafallan izango da, 25ean Urruñan eta Bartzelonan
amaituko du, hilaren 26an, lehen aurkezpen sorta. Abenduan Bilbon
(14an), Aezkoan (15ean), Gasteizen (19an), Donostian (20an), Berangon
(21ean) eta Elgoibarren (28an) joko du. "Estudioan bat-batean
jotzen sortzen diren une bereziak harrapatzea eta islatzea da gakoa"
"Fernando Saunders ez da etorri bere burua nabarmentzera, duena
eskaintzera baizik
Jon
Eskisabel