DVorame
------------------------------------------------------------------------
Donostian gaur, eta bihar bere herrian, Oñatin,
ariko dira Ruper Ordorika eta taldea, disko berria aurkezten
Kantu asko sortu ditu Ruper Ordorikak 1980an Hautsi da anphora kaleratu
zuenetik. Eta hortxe jarraitzen du oñatiarrak, kantuak egin
eta abestuz, estilo propioko musika babeslekua osatu duen arte.
Ezinbesteko erreferen-tzia, aspaldi egin duen diskorik onena argitaratu
du, Kantuok jartzen ditut (Metak). Ona musikari dagokionez: aldi
berean freskoa eta ñabarduraz josia. Baita hitzen aldetik
ere: bikainak eta zenbaitetan ohi baino zuzenagoak. Gaur Donostian
eta bihar Oñatin dastatzeko modukoak.
«Kantuok jartzen ditut» esaten duzu umilki izenburuan.
Izenburua zehatza da, Nafarroako kantu zahar baten hasiera da eta
gogoan sartu zitzaidan. Hauxe da neure apurra.
Aurreko disko batzuk agian kontzeptu baten inguruagokoak ziren.
Nire disko guztiak kantu diskoak dira. Kasu honetan iruditzen zait
diskoa zabala dela, neure zenbait joera batera ekar-tzen dituela.
Beharbada aurreko Hurrengo goizean diskoarekin konparatuta, bai
hartu liteke sentsazio hori. Hura oso giro bateko diskoa kontsideratzen
dut. Agian Dabilen harria ere bai. Zaila da konparazioetan sartzea.
Badakizu musikari hark esaten zuena: musikaz berba egitea arkitektura
dantzatzea bezalakoa da.
Adierazi duzunez, egoera sozial bati lotuagoa da disko hau.
Egoera sozialarena esan nuenean ez nintzen diskoaren mamiari buruz
ari, baizik eta diskoa bera egiteari buruz. Oso narrazio negatiboa
erabiltzen dute euskaldungoari buruz eta euskaraz idazten dut, neure
aukera da, maite dudana eta neure langintzaren oinarrian dagoena.
Euskaldun jendea seinalatua sentitu da aurten bereziki. Zenbaitek
oraindik ere absurduaren pare jarri nahi du euskaldunon existen-tzia
bera. Batzuetan ematen du berriz ere barkamena eskatzen hasi beharko
dugula euskaldun izateagatik. Oinarrizko kezka bat izaten da zein
ote den norberak egindakoaren eragina.
Azkenean, beti bezala, ikuspuntu pertsonala da nagusi.
Kontraesanak eta guzti neure ahotik mintzo naiz kantuetan, ez naiz
inoren ordezkari, baina zer pentsatua eman dit ikusteak zelako oihartzuna
jaso duen Zaindu maite duzun hori bezalako kantu batek. Kantuok
soseguz burutu ditut, inongo presiorik gabe. Neure hariari egiten
diot tira eta musikak hori du berez, entzulearekin osatu egiten
dela. Kantak norberaren gauza-txoez izango dira, baina gero jendeak
osatzen ditu.
Bada une batzuetan kanporakoiagoa.
Estudiora sartu aurretik hartu nituen erabaki batzuk zuk diozun
kanporakoiago izate horrekin agian lotuta daudenak. Baneukan gogoa
zenbait gauza erritmikoak eta zuzenak egiteko, egitura aldetik-eta.
Gero, baita ere, musika tresnen aukeraketa: anplifikadoreak, bateria,
gitarrak... Banuen norabide bat sonoritate kontuetan; halako ñabardurak
izan daitezke lortu nahi den soinuaren gakoa.
New Yorkeko konexioak bizirik dirau.
Hau dut laugarren diskoa Ben Monderrekin, hirugarrena Kenny Wollesenekin.
Dagoeneko gurea lagun kontua ere bada. Jonathan Maron gehiago ibiltzen
da R&B eta hip hop munduan inprobisazioan baino. Berehala jarri
ginen batera. Ekainaren bukaera aldera elkartu ginen Azkaraten eta
diskoak ondo erakusten du saio haien giro goxoa eta bizia.
Hitz zorrotzagoak atera zaizkizu, oro har oso onak.
Estimatzen dizut. Ez daukat eredu jakinik kantuak osatzekotan. Gauzak
zehatz esan nahi izan ditut eta beharbada zorrotz atera. Batzuetan
nahi izaten dut musikak eta baita hitzak ere halako gehigarri bal-tsamikoa
eduki dezaten, egunerokoa apur bat goxatzeko
Testua eta musikaren arteko oreka, ñabardura eta aberastasuna.
Horixe duzu ba kantua: gauza primordiala. Hitzak eta doinua uztartzeko
jokoa. Munduko jende guztiak egin duena mendeetan zehar. Kultura
guztiek, herri guztiek. Benetako eginkizun humano bat. Poeta hark
zioenez agian limonada prestatzea bezain ekintza duina eta humanoa.
Kantu guztien hitzak zeureak dira, Kantuaren gauza galdua
izan ezik.
Testu honetan halako batean erreparatu nuen Joseba Sarrionandiaren
poema bilduma bat berrirakurtzen ari nintzela. Berehala sartu zitzaidan
poema hori kantatzeko gogoa.Berez Poesiaren gauza galdua zen eta
aldaketa batzuk egin dizkiot. Ez du neurririk ez errepikapenik,
baina berehala topatu nion ardatz bat.Oso tonu berezia du, irudi
indartsuak eta irakurketa ugari. Zein da poesiaren betebeharra,
kantuaren betebeharra, sasoi ilunetan?
Kritika eta ironia darie abesti batzuei.
Barrutik ateratako gauzak musikan jartzen eta abesten saiatzen naiz,
batzuetan kritikoak, besteetan amoltsuak
Ahal bezala ibiltzen
naiz. Kantuak badu dohain hori. Kantuak nahi ditu bideak ibili.
Kantuak nahi du adierazi, norbere barrutik atera, zehaztu, libertitu,
goxatu
Baina batez ere autokritiko agertzen zara zure belaunaldiarekin.
Ez dut autokritikoa izateko asmo berezirik eduki. Gauzak errebisatzeko
tenorea heltzen da eta horren kontura esan ditut zenbait gauza.
Inork ez dit esplikaziorik eskatu eta eskerrak, ez baitakit nire
belaunaldiaren afera horretaz zehazki nola sakondu. Hor dago gauza
gehienetan okertu egin garelako sentipena, baina baita ere hor dago
maitasunaren kariaz, gure aurreko gauzak aldatu nahiaz ere bai,
itzelezko eskuzabaltasunarekin gauza asko eman izanaren sentipena.
Ametsa errealitate latzaren aringarri izan daiteke?
Gai klasikoa oro har eta baita nire kasuan ere. Carpe diem esaten
zioten klasikoek: eguna harrapatu. Berriki irakurri diot euskal
poeta bati Carpe noctem gomendioa.
Iratzarri kantuan, argia den mira hadi diozu.
Laboaren Haika mutil abestiari keinu bat?
Kantu zaharra niretzat inspirazio iturri izan da beti. Maiz erabiltzen
ditut halako oihartzunak kantuetan, baina kasu honetan idatzi ere
egin nuen Mikel Laboari aipamen ttiki bat. Asko estimatzen dut nire
aurreko euskal kantari batzuen lana eta Mikel Laboa ezagutzeko eta
bere ondoan kantatzeko aukera zoragarria eduki dut urteotan. Denok
ikasi dugu Haika mutil bere ahots eder eta bakar horretan.
Zer eskainiko duzue emanaldietan?
Azken diskoan oinarrituko dira, gehienbat. Besteetarik ere egingo
dugu. Mugalariekin arituko naiz: Nando de La Casa, bateria; Alberto
de La Casa, baxua; Dani Pérez, gitarra, eta Arkaitz Miner,
mandolina, biolina eta gitarra
Asier
Treku