Berria
------------------------------------------------------------------------
Kantuen alde
Azken urteotan, bide bat aurkitu izanak ematen duen konfiantzarekin
ari da lanean Ruper Ordorika. Sobran dauden geruzak kentzearen aldeko
apustua egin du kantari eta musikari oñatiarrak, naturaltasuna
eta grabazio unearen bat-batatekotasuna bilatze aldera. Hurrengo
goizean aurreko diskoak erakutsi zuen bidea aurkitu zuela, eta Kantuok
jartzen ditut lan berriak berretsi egin du orduan pentsatutakoa.
So ik' so (1995) grabatu zuenetik, Ben Monder gitarrista newyorktarra
izan du lagun estudioan Ordorikak, eta gerora, New Yorkeko inprobisazio
munduko beste musikari handiak joan zaizkie biltzen. Kenny Wollesen
bateria jotzaileak hirugarren diskoa du euskal kantariarekin eta,
oraingoan, Jonathan Maron Groove Collective taldeko baxu jotzailea
gehitu zaizkie. Hirurak musikari bikainak dira, baina Kantuok jartzen
ditut-en ez dute inoiz nabarmentzeko ahaleginik egiten, Ordorikaren
kantuek esaten dutenaren aginduetara daudelako. Horrek ez luke,
ordea, beraien lana ezkutuan utzi beharko, Oñatikoak nahi
duen giro eta tentsioa sortzeko ezinbestekoak direlako. Adibide
batzuk bakarrik aipatzearren, aipa ditzagun Kantuaren gauza galdua-n
taldeak lortu duen tentsioa Arkaitz Minerren biolinak lagunduta,
Mila legoa-n Wollesenek ezarri duen erritmoa eta Esan gabeko arrazoia-n
Monderrek marrazturiko paisaia elektrikoak. Era berean, Ruperrek
berak ahotsarekin egindakoa ere nabarmendu beharra dago; hitzak
eta esaldiak ahoskatzeko eta interpretatzeko moduan ñabarduraz
beteriko lana baitago.
Kantu ederrez beteriko diskoa osatu du Ordorikak. Zaindu maite duzun
hori single-ak ezin hobeto egiten du bere lana, baina Iratzarri
ere izan zitekeen. Beste batzuk (Haize goxoarena, Mila legoa) tempo
ertainean kokatzen dira goxo, eta intimismoz beterik dago Ene gogoan
zena
Mikel
Lizarralde