Berria
------------------------------------------------------------------------
Maite dugun (mutil) hori
Lekua: Bilboko Arriaga antzokia.
Data: Abenduak 12.
Jende kopurua: 800 lagun.
Oraingoan beltza tokatu zitzaigun Ruperren alkandora (gorria, dirudienez,
armairuan geratu zen). Kantuok jartzen ditut lan berriaren aurkezpena
zegokion oñatiarrari, bi gertakizun berezipean: Durangoko
Azokan disko salduena izatea eta Udagoieneko Ostera zikloa amaitzea,
non eta Arriaga antzokian. Eta Ruper ez zen ezkutatu: kantu berri
ugari ekarri zizkigun, eta noizean behin antzinakoak berreskuratu
zituen. Eta entzuleek (gehienek ruperzale) txalo handiekin saritu
zuten kantariaren ausardia, batez ere Zaindu maite duzun hori aurkeztu
eta amaitu zuenean..
Ruper hasi baino lehen Arratia Faktoria laukoteak aurkezpen txiki
bat egin zuen, melodikaz eta Ruperren kantuen izenburuez baliatuz
(zikloaren beste kontzertuetan antzeko lana eskaini dute). Eta gero
sei musikariak agertu ziren: betiko Mugalaris (Javi Antoñana
gitarran, Nando de la Casa baterian eta Alberto anaia baxuan) eta
beste bi lagun, Dani Perez gitarra jotzaile argentinarra (Bill Frisellen
eskolakoa) eta Virginia de la Casa (ahotsa zenbait kantutan). Soinu
bikain batez (Angel Katarainen eskuz) eta argi joko xume eta ederraz
(Javi Ullari esker), taldeak erraz egin zuen aurrera; hasieran kantu
berriekin (Haize goxoarena, Iratzarri, Zaindu maite duzun hori,
Mila legoa, Gauza erabiliakÉ), gero antzinakoak berreskuratzeko
(Bihotz begiekin, Joseba Sarrionandiaren hitzetan oinarritutako
Martin Larralde oso txalotua hau ere, Ene begiek, Lerro zuzena nonÉ).
Eta, atzera begira, bakarrik geratu zen Ruper Atxagaren Herdoilarena
akustikoki egiteko, poema hau ondoko Zazpi Kaleetako taberna batean
jaio zela gogoratuz. Bisetan ere formato honetaz baliatu zen Aspaldian
egiteko, nahiz eta hasierako zerrendan ez egon. Ruper eta ondokoak
gustura zeuden, nahiz eta antzokia ohiko aretoa ez izan. Baina agertokiraino
heltzen zen jendearen berotasuna, beti begirune handiz (azkenean
bakarrik eskatu zuen batek eta besteak kanturen bat). Bi aldiz bueltatu
ziren musikariak: lehenengoan Aspaldian, Ahal bezala berria eta
Nor da? sendoa egiteko, bigarrenean Crack (pipa bat) eta disko berriaren
azken kantua den Lagun erratuena jotzeko. Batzuek gehiago nahi zuten
(bost edo sei klasiko falta ziren oraindik) baina aretoko argiak
piztu ziren oihu horiek ixilduz: dena den, bi orduko ekitaldia nahikoa
izan zen; eta gainera zaindu behar dugu maite dugun (mutil) hori.
Joseba Martin