Aizu
Aldizkaria
------------------------------------------------------------------------
"Poema guztiek merezi dute
kantatuak izatea"
"Azken diskoa elaboratua da, baina bat-batean egina"
Disko berria dakarkigu Ruper Ordorikak opari, Hurrengo goizean izenekoa.
Ruperren betiko moldean emandako kantuak dira eta, aldi berean,
berrikuntza dezente erakusten dituztenak. Gauza askoren gainean
hitz egin genuen Ruperrekin: Pott bandaz, distantziaz, rock erradikalaz
eta denborak ekarritako aldaketez, baina, batez ere, azken diskoa
izan genuen hizpide. Disko berriaz berba egiten hasiko gara.
Zer aurkituko dute Ruperren zaleek Hurrengo goizean disko honetan?
Hamaika kantu berri aurkituko dituzte, Ruperrek idatziak, eta zenbait
musikarirekin aurtengo udan grabatuak. Diskoak norabide bat baino
gehiago dauka baina, era berean, sonoritate batean bilduta.
Diskoan parte hartzen duten musikariena izan da disko honetako konturik
aipatuenetako bat. Suposatzen dut horrelako jendearekin lan egitea
oso berezia izan behar dela, ezta? Ez dut lehenengoaldia: gitarra
jolearekin grabatzen dudan hirugarren diskoa dut, eta bateriarekin
bigarrena. Asko azpimarratu da batez ere baxu jolea, Fernando Saunders,
oso ezaguna delako, eta baita euskal musikaren munduan berritasun
bat ere badelako. Dena dela, izenarena gutxiena da kasu honetan.
Musikari handiak dira, eta eurekin lan egitea gauza berezia da beti.
Dabilen harria azkenaurreko diskoa ere horrelaxe egin nuen, hiru
musikarirekin. Ordurako banekien beste bat egin behar nuela, eta
halaxe izan da.
Grabatzeko modua ere nabarmentzekoa izan da. Sinpletasunaren
bila joan ei zara eta freskotasun hori lortzeko kantuak ia entseatu
barik grabatu omen dituzue.
Bai, aurrekoa bezala grabatu dugu, batere entsegurik gabe eta denok
batera. Dena dela, uste dut musikaz hitz egitea dagoen gauzarik
zailena dela. Diskoa zer den adierazteko esaten dugun guztia erraz
ulertzen da diskoa entzunda, eta ez dakit noraino behar den gehiago
esplikatzea. Freskotasuna aipatzen duzu, eta hori da arazoa, ez
dakidala disko fresko bat zer den. Disko hau deskribatu beharko
banu, irudiz kontrajarriak diren gauzak esan beharko nituzke: elaboratua
da, baina bat-batean egina; alaia da, baina beharbada ez da batere
alaia; nire sentsazioa da disko hau gertu dagoela, baina gero entzuten
dituzu hainbat soinu eta harmonia, eta pentsa dezakezu oso urruti
dagoela...Uste dut hori guztia egia dela, baina baita kontrakoa
ere.
Deigarria iruditu zait Fernando Saunders-en partehartzea. Lou
Reeden diskoetan oso gauza ikusgarriak egiten ditu baxuarekin, baina
disko honetan, lan bikaina egiten duen arren, ez da hain ikusgarria.
Nahita egin duzue hori? Lou Reedekin jotzen duenean, Fernandok
eramaten du taldea. Reeden diskoetan eta bakarka grabatutako beste
hainbat diskotan ere zeregin hori hartzen du, baina gurean beste
bat hartu du. Berez sortu da hori, ez da beren-beregi bilatutako
zerbait izan. Jendeak, diskoa entzun gabe, asko goraipatzen du Fernandoren
parte hartzea, baina diskoa entzuten duenean konturatzen da Fernando
ez dela bere burua erakustera etorri.
Letra guztiak zeuk egin dituzu, lehenengo diskoetako joera bazter
utzita. Zeure burua espresatzeko beharra, edo musikatzea merezi
duten poema falta? Lehenengo diskoa Bernardo Atxagaren testuekin
egin nuen, bigarrenean kantu batzuk nireak ziren, hirugarrenean
gehiago, laugarrenean gehiago... Alde horretatik, oso bilakaera
normala da. Beste aldetik, uste dut poema guztiek merezi dutela
kantatuak izatea, hori seguru. Batez ere, identifikazio kontua da:
ez baduzu ikusten, ez duzu egiten. Batzuetan, nahiz beste baten
testua izan kantatzen dudana, nirea bezala sentitzen dut. Letretan
hainbat gai agertzen dira. Horietako bat, esaterako, galeraren deskribapena,
galtzen ditugun edo ihesi doazkigun gauzen aurrean nolabaiteko malenkonia,
Bihotz begiekin edo Gorde gordeka kantuetan, esaterako.
Kezkatzen zaitu gai horrek? Itxura denez, bai. Ez dakit noraino
den nostalgia, edo nolabaiteko haserre bat. Denok gaude korapilo
horretan sarturik, eta kontradikzioa onartzen jakin behar da, aurrera
egingo badugu, baina uste dut benetan nekeza dela. Orain dela hiru
urte itzuli naiz nire sorterrira eta ikusten dut nire umetako gauzak
aldatzen doazela, eta horren harira saiotxo bat egin dut. Ez dut
pentsatzen: orain kantu bat egin behar dut honi buruz; buruan dauzkadan
gauzak dira, besterik gabe.
GOLKOTIK
Musikari bat: Martin Carthy.
Azken bolada honetan gehien entzun duzun diskoa: Bob Dylanen
azkena eta Kelly Joe Phelps bluesman-aren bat.
Azken urteotan gehien entzun duzun artista: Bill Frisell.
Harro sentiarazten zaituen kantu bat: Berandu dabiltza.
Leku bat kontzertua egiteko: Bilboko Kafe Antzokia.
Euskal Herriko leku bat: Asko izango lirateke.
Zer geratzen zaizu egiteko? Agian, neuk bakarrik zerbait
egin.
Pott Bandako kide, irakasle, kantari Sentikortasuna, poesia, dotorezia,
kalitatea; horrelako berbak erabiltzen dira normalean Ruper Ordorikaren
ibilbideaz idaztean. Euskal kultura inarrosi zuen Pott banda hartako
partaide izan zen -"harrigarria da nola bilakatzen ari den
erreferente"-, Hiru Truku taldearekin mendebaldeko kantu zaharrekiko
bere maitasuna jarri zuen agerian, eta bakarkako bere ibilbidea
guztiz eredugarria da. Bolada luzeak eman ditu Euskal Herritik kanpo,
Londresen, Irlandan zein New Yorken, baina, hala ere, Euskal Herriarekin
harreman handia duela uste du: "herri honek gatazkak sortzen
dizkit, errealitatea, maiz, nahi duen bidetik joaten delako. Urrun
egon arren, kezkak, herri honekiko atxikimenduak hor dirau beti".
Guztiz berea duen irudiaren jabe -"gizon baten itxurak hartzen
saiatzen naiz, besterik gabe", diosku brometan-benetan-, berezko
ahotsa ere badu Ruper Ordorikak. Eta jende askok ez badaki ere,
euskara irakasle ere izan zen Ruper, "gure eginkizuna hori
zelako. Gure lagun batek esaten zuen Sarrionandia eta biok adoleszentziarik
gabeko belaunaldikoak ginela, oso gazterik erantzukizunetan hasiak
ginelako".
Gotzon
Hermosilla