Nora
joaten dira ametsak
Itzarri eta berehala?
Nora hartu gabeko bideak
Hautaketan baztertuak?
Agian damuaren etxera
Ahazturaren zulora.
Beharbada sekretupean den
Ezerezearen baitara.
Haize goxoa
Atera gaitzetik
Haize goxoa.
Atera gaitzetik, lagundu
Ametsak ez galtzeko.
Itzarri instant beretikan
Unerik une bizitzeko.
Ez malko haranetan zehar
Ezta justuen linboan.
Ez errege gorenen baten
Beirazko gotorlekuan.
Haize goxoa
Atera gaitzetik
Haize goxoa.
Haize goxo goxoa
Atera nazazu arren
Geroaren liluratik.
Ez dadin alperrik galdu
Unerik uneko saria,
Oi haize, haize goxo goxoa.
 
| 2.
Zaindu
maite duzun hori |
Iritzi
helduak, uste haundikoak,
Gure herriaz.
Goiz eta arrats berriketan
Gure herriaz.
Nik ere nahi nituzke
Halako segurtasunak eduki.
Baina, gauzak zer diren,
kontuak ez zaizkit ateratzen ongi.
Hori suertea
Nonnahikoak diren hoiena!
Sasi guztien gainetikan
Dabiltza hegan. .
Inork ez zidan esan
Euskaldun izatea zein nekeza den,
Hobe nuela hautazea
Munduko hiritar izatea.
Kantu leunak
Nahi nituzke jarri.
Eguzkia
Ainubian denari.
Zaindu maite duzun hori.
Hala esaten didate:
Zertan zabiltza maite kontuetan?
Elkarbizitza jokuan
Eta zu, berriz, bertso ttikietan.
Kantu leunak
Nahi nituzke jarri.
Eguzkia
Ainubian denari.
Zaindu maite duzun hori.
Zaindu gorroto duzun hori.
Zaindu
 
Eginak
ditut
Mila legoa bidean,
Mila legoa bidean eta
Etxe baten bila
Eguna zela,
Gaua zela,
Han ari nintzen bila.
Eguzki argitan,
Izarren azpian,
Ni bila nenbilen,
Zure etxearen bila.
Bidea egin, gogoa gatibu,
Ez nuen jakin nahi
Zer asmo nuen, zer nuen izu,
Joan behar hori, zergatik?
Eguna zela,
Gaua zela
Ate zabal hau
ezaguna dut nonbait, ezaguna.
Ahots eztia daukat deika,
zure leihotik deika daukat,
niri deika.
Eginak ditut
Mila legoa bidean.

Ixilik
zaude, non da zure ahots laguna?
Ozenki mintzo zait gaur zure ixiltasuna:
Egiazko ipuinetan legez,
Zientzia liburuan ere ez da
Hain ozen mintzo egia,
Hain nabarmen, hain garden, egia.
Zure ordez ote da mintzo mundua?
Esan gabea ere ulertu behar al dut, ba?
Sekretoa ostoz osto biluztu,
Gezur batean nahastu,
Egia hori ez baita maitagarri,
Zure egia ez baita entzungarri.
Laster nauzu utziko,
Haizeak ere susmoa dakarkit.
Aldean ez daukat
Esan gabeko arrazoia baizik.
Argi printza batzuk etsi etsian,
Sartu nahiean dabiltza zure etxean.
Laster dena ahaztuko
Pazku goiz ederrean ote
Ala berantago,
Besta berri bezpera batez,
Argi printza azkenak etsi etsian
Sartu nahiean dabiltzatela zure etxean.
Ixilik zaude, non da zure ahots laguna?
Ozenki mintzo zait gaur zure ixiltasuna.
 
Urrunetik
jarri nintzen abian,
Partitu nintzen bera ikusteko asmotan,
Orkatilan uztaia zeraman harengana,
Bustinaz tatuaiak, ene gogoan zena.
Han, urruti, lurra gorri gorria.
Han, berandu etzaten zen eguzkia.
Ondoren, gauez, mila kantoietan barna
Halaxe bizi ginen gogoa elkarrengana.
Behin batez, euri sasoian ginen,
Zazpi egun, zazpi gau, ater gabe.
Hibaia ageri zen errekaren lekuan,
Han ez zen ezer gelditu lehenagoko moduan.
Hitz amoltsuak ixildu egin ziren
Hitz arrobatuak joan ziren uharrean.
Ikusten baduzu gorantziak eman
Ene laztan ederra bera izan baitzen.
 
Apirilaren
hogeia,
Gaur heldu da bedatsaren kantutxoa.
Kantuak eskutik dakar
Ahots bat bakan, ahots bat berarekin.
Izkutuko ahots, oh, oh, oh,
Zure mezua entzun nahi dut orain.
Ahots berak esan zidan:
Hauxe duzu hilerik ankerrena,
Neguko orbela kentzen du
Erakutsiz azpian gorderik dena,
Izkutuko ahots,
Ahots barrukoa, sinistu behar nizun dena..
Iratzarri,
Iratzarri gogo lokartu hori,
Argia den mira hadi.
Hau nire asmo erratua!
Ahotsak ez zuen falta arrazoirik,
Bedatseko euriak du
Lur lokartuan San Jose lorea ekarri,
Izkutuko ahots,
Ai! lehenago entzun izan banizu.
Iratzarri,
Iratzarri gogo lokartu hori,
Argia den mira hadi.
 
| 7.
Kantuaren
gauza galdua |
Ene
aberri eta sasoiko lagunok, mundua ahozkatzeko
maneran partaide garelarik,
zuekin batera aurkitu nahi nuke gure hitzen
zentzu eder galdua.
Nork daki okerreko eskaileratik igon ez garen honaino.
Gure lur okupatuari, gure arbaso zakarrei, gure
hizkuntza baztertuari erreparatzen badiogu
badirudi ez dugula aberri, ez sasoi,
ez mintzaira,
ez kantarik, geuk asmatu duguna baizik.
Auskalo norena den errua.
Agian geurea da, eta hurrutirago joan gabe
geure buruaren aurka ekin beharko dugu.
Gure bakardadea baino zabalagoak gara eta
leiho tipirik ez,
zabal dezagun leihoa horma baino zabalago:
Kanta dezagun sehaska kanta bat!
Ganbarako botila hutsak zaborretara. Eta lore,
eta hilargi, eta ispilu, eta begi,
eta amets, eta izar, eta bihotz dekoratiboak
eta amour eta toujours lako
errimak zaborretara. Astin dezagun hautsa
domistikunera arte.
Altza dezagun maldarik malda gure gogoaren bandera baldartua.
Kantuak ez du deus aldatzen,
Kantuak ez du inor fanatiko bihurtzen.
Kanta diezaiogun sehaska kanta bat
gure aberriari.
Baina ekin dezagun harik eta gure aberri eta
sasoiaren tankerako soinuak aurkitu arte,
munduarekin, mendearekin, jendearekin
nahasteko modukoak.
Musika egitea ez da gauza itzela, soinua
ber egitearen joko hutsala.
gogoeta harilkatzeko manera emendatzea,
obra inperfektoa gehienik,
eman dezagun limonada prestatzea bezain
ekintza humano eta duina dela.
Kanta diezaiogun sehaska kanta bat gure aberriaren
sehaska hutsari.
 
Bere
buruarekin bakarrik mintzo dena
Zu ote zara?
Edo asmo zaharrak baztertu dituena
Lasai bizitzekotan.
Bere hitzarmen ttikiekin oreka baten bila
Ibiltzen dena.
Zu ote zara orain behiala izan nahi ez zenuen
morroi hura?
Onaren eta txarraren jakitun izan nahiean,
Onaren eta txarraren gatibu izan azkenean. Giza osatu gabea,
urre bilatzailea,
Beti orduari begira.
Barre egiten dizute, hauzokoek ere,
Gizarajoa!
Ospakizuna da eta, banderatxoa ipini
Balkoian zintzilik.
Hamaiketakoaren ogi puskinez duzu
poltsikoa beterik.
Onaren eta txarraren jakitun izan nahiean,
Onaren eta txarraren gatibu izan azkenean.
 
Nik
ere gauza orotarik
Gauza erabiliak ditut gehien maite.
Akatsdunak, amotz xamarrak,
Lagun apal apalak bihurtu diren hoiek.
Baliagarritasun kontu hoietan
Gaindituak izan diren gauzak ere.
Gauza arruntak, gauza sotilak,
Gauza erabiliak maite ditut gehien.
Eta hitzak ere,
Baita hitzak ere,
Askok esandako hoiek.
Eta hitzak ere,
Baita hitzak ere,
Gutxik esan arren.
Gauza zeozertarakoak
Heuren eginkizuna bete eta eder zaizkidanak.
Gauza erabiliak
Heuren edertasun xumea denborak emanik dutena.
Eta hitzak ere...
Gauzok ditut lagun,
Hitzen hotsak bezala,
Ezagutu egiten ditut:
Zorioneko gauzak, zorioneko hitzak!
Zeren eta gauza erabiliak
Usatu hutsarekin dira estimatuago.
Gaurko munduarekin legez
Datorrenarekin ere gaituzte lotzenago.
Eta hitzak ere...
Gauzok ditut lagun...
Nik ere gauza orotarik...
 
Eman
dezagun
Euria atsegin dela
Autoaren gainean errepika.
Eman dezagun
Itsas faro baten argiak lanbroa
Zeharkatzen duela ilunbean.
Argi horrekin ere zaila da ikustea.
Zaila da lanbroa azkar altxatzea.
Min handia, handi handia,
Egiten ahal zaio elkarri,
Gaurkoan ondo ikasi bezala.
Halako gogoetak,
Euria, argia, lanbroa,
Beste ezer ez balego munduan.
Argi horrekin ere zaila da ikustea.
Zaila da lanbroa azkar altxatzea.
Zenbait gauza ezin dira
Ondo bukatu, orain ondo dakizu.
Gaur euria duzu lagun
Eta lanbro artean ageri den argia.
Nahiz argi horrekin ere zaila den ikustea.
Nahiz zaila den lanbroa azkar altxatzea.
 
| 11.
Done
ezer ezdaezinezko |
Hau
da gauaren edertasuna!
Gaugiro bikaina dago!
Ostatuko ormatik egutegia hartu,
Gaurkoa bertan seinalatzeko.
Gorriz tindatu data berri hau
-gure patroi haundia- :
Done Ezer Ezdaezinezko
Bizkarretik elkar hartuta,
Zazpigarren zeruan dagoeneko.
Ene, basamortuan zehar
Luze iritzita nago.
Ur gazia baino ez dugu han,
Lagun zaharrok, lagun haundiak,
Josta gaitezen.
Bota sutara egunerokoa,
Bazterrera nahigabeak.
Gaur urruti da Bagdag suntsitua
Guantanamo bera ere lekutan da.
Gaur festa ederra dugu egitekoa
Mundua konponduta balego.
Gutaz urrikaldua baita
-gure patroi haundia-
Done Ezer Ezdaezinezko
Ene, ostatuko atea zabaldu eta
Kaleko argia duzu hori,
Hori basamortuko mugarri.
Lagun zaharrok, lagun haundiak,
Bihar arte! Ondo lo egin!
 
Maitasunaren
kariaz
Hainbeste eman zuten
Lagun izen gabeak.
Inongo etekinik ez eta
Hainbeste gauza
Bota dituztenak.
Mundua ala norbera, arrazoia ala nahia,
zein da antzaldatzen?
Gaueroko epaian errudun
ala gabe al dira sentitzen?
Arakatu nahi nuke
Urteon arrailduratik
Haien bizitza.
Haien bizitza ixila,
Lagun erratuena,
Bizitza bakarra.
Mundua ala norbera, arrazoia ala nahia,
zein da antzaldatzen?
Gaueroko epaian errudun
ala gabe al dira sentitzen?
Goazen, bada.
Palmondopean
Laztan ditzagun
Kaobazko eskuak
Tristeziaren metro kuadratu
Baten gaindi
|