1. FAS FATUM

Fas fatum ene lagunek fadoa
zein tristea den diote
moito obrigado
entzuten da bazter batetik.
53 urteko gizonak lanezan
badu gidatzeko dokumenta
edozein lan hartuko luke
premia larrian;
behar bada,
dagoenerako bota du burua, dio,
(maite haunat),
bota ditu kutxarea, ezpata,
faloa esan nahiko duzu;
(nik ere maite haut)
utzi du betiko leihoa
eta bildu zaio odola urarekin.
Arrazoina daukan,
menturazaleen sasoia amaitu den;
3 lurrak orain ere
4 infinitoak ditun haur oina ttipientzat,
1 eta atzo bezala esnezko ibaiak
2 obsesiboki bejetalen azpietatik;
baina non dira heroeak,
imajina ezina dun beste Lope Agirre bat;
gau zomorroen gisa akabatzen gaitun;
gure azken orduak:
lore ximelduen enpalagoa, axfisia,
zikina aurkitzen dinagu krubitxeta
konjeladore made in Germany horretan.

 2. ERRUDUNA

Erruduna sentiaraztea zenuen lege
azkenean sinistu nuen nik ere
hainbeste eraso zentzugabe pairatuz
lurra joko nuela
aspaldiko projektu harek bezala.
Benetakoa zen ene asmo bakarra
Mauriziaren kantu bat bezala
zurekin ahaztea nuen desio
nola egin ordea
zure fotoa neukan ohe alboan.
Ez naiz ni
zurekin ahaztu dena
beste norbait
izango zen hura.
Hura beste norbait izango zen
ni ez naizelarik zurekin oroitzen
hala esan didate niri ere
denbora arin doala
dena zapuztuz kupidarik gabea.
Ez naiz ni…

 3. NOR DA?

Nor da gogoan daukazuna, nor da?
Lo aurreko zure instanteen jabe, nor da?
Bihotzean daramazuna, nor da?
Zure begietan gorderik, nor da?
Nor da gogoan daukazuna, nor da?
Tangerreko argi urrunak
ez dira aski
zu ikusteko.
Mendebaldeko haiza lehuna
nahi nuke nik
zu ezagutzeko.
Nor da gogoan…
Zuri buruzko galdera denak
urtu zaizkit
eguzkitan.
Amodioa ikusi dut gaur
zure leihopetik
pasatzean.
Nor da gogoan...



 4. BYE BYE GIZONTXO

Oso gustokoa dut zure koloredun kamisa
igande gaueko azken autobusean zoazela
etxeak hospelak dira eta kalea goibela
telediarioko gizonak ez du jakin nahi
gaur arratsean izandako abenturaz.
Ez tristetu gehio gizontxo
Rosa itzuliko da berriro
datorren hilabeteko egunen batetan.
Gazteak ginen kasik orain dela gutti
hamar urte demagun gure amak ez baleki
bataren atzetik bestea, egun multzoa
eta horri jendeak deritzo bizitzea
zergatik deritzo bizitzea?
Baina benetan ez sumindu gizontxo
oso polita dakarzun koadrozko jaka
zine-sarrerak, erretratua, orrazia.
Lo egizu, dagoeneko prest daukazu
mesanotxean kiniela, ohe bikoitza berotu behar
bai, bataila bortitzenak urrun xamar beti
beste nonbait gauaren ixilpean aurreratzen
irabazleen biba astunak.
Lo egizu gizontxo, abaildurik zoaz
ixil-ixilik eta oso arin
gaueko azken autobusean...

 5. 37 GALDERA MUGAZ BESTALDE DUDAN KONTAKTU BAKARRARI

Esaidan, zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak?
Kausitzen al duzue maitasunik sikira zuen maitatuen arteko
ehundiko hogeitabost edo hogeiaren baitan, ala hemen bezala
mutu al diraute telefonoak, bihotz mortuak bailiren gauez gau
bihotz mortuak bailiren etxeko laberintoaren azkeneko salan?
Zuen erresumako lurraldeen artean ba al dago Greenland edota
Groenlandia deitutako parajerik? Ospelak al dira hango haranak?
Ba al daude Shell konpainiako gasolinategiak, eta ez al dira biltzen
tximeletak kolore horiko karrankaletan? Neguan ere ez?
Ez al du esistitu han Cenizas bezala firmatzen zuen espia batek?
Esaidan, zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak?
Ez al duzue karramarroekin ametsik egiten? Eta ume itsuekin?
Tom Simpson ziklistarekin akordatzen al zarete inoiz? –nola
asfisiatu zen Aubisque mendian gora, nola bere elastikoak
axedrez taula apurtu bat zirudien karreteraren harri txintxarretan?
Mugaz bestaldean, hostoek ematen al diete babesa fruituei?
Ba al dago marrubirik? Arrain abisalek ba al dute aurresentipenik
eguzkiaz, ba al dakite argia eta iluna hitzak bereizten?
Trena hartu eta egunaren trasparentzian izkutatu zen jendeak,
azken unerarte gorde al zuen geldi zitekeeneko ilusioa?
Hala esan zaidan, haize boladetan datzala txorien halabeharra,
ba direla portua sekula arkitzen ez duten untziak itxasoan.
Zuek patua aipatzen duzuenean zertaz ari zarete, zehazki?
Lan seguru baten abantailaz? Edo laranjarekin jaten denaz, sinpleki?
Otoi egiterakoan, gogoan izaten al dituzue desertuko karabanak?
Asko al dira, asko al zarete mugaz bestaldeko erresuma hartan?
Egunero kaletik ikusten dudan jende hau, han bizi al da?

  6. HAMABOSTEAN BEHIN

Etxetik gutxitan irten arren
JonTrollope hamabostean behin
abiatzen da labanderiara.
Etxesail pare bat zeharkatu ditu
eta hango kaleak beltzagoak dira
eta distiratsuagoak.
Posta zentraletik ezkerratara jo
denda greziarrak, bilarra eta ospitalea,
hori, ospitalea.
Etxeko egongela du buruan
bazter oro ditu ezagun eta hura
beti gogoan ageri zaion parajea
beti ageri parajea
beti parajea.
Txanponik bai? ugazabari galdegin
diru zikinik gabe nora joango ginduzkean ba?
horra erantzuna.
Espaloi lerroari jarraitzen dio
etxalderako bidea buruz ikasia
hamabostean behin.
Etxeko egongela du buruan
bazter oro ditu ezagun eta hura
beti gogoan ageri zaion parajea
beti ageri parajea
beti parajea.
Egongela hartan zenbat alditan
gordeko du Jon Trollope gureak
bere betiko paseoaren oroimina.
Paseoaren oroimina.
Oroimina.


  7. BERREZIKETAREN ZAILTASUNARI BURUZ

Munduaren salbazioa hil ala bizikoa denean
barberoenera joaten dira.
Abangoardiaren orpotik xoraturik joan gabe hala diote:
ez huake zerbeza bat gaizki etorriko orain.
Kausa zuzenearen alde borrokatu beharrean
biruela eta barizen kontra ari dira.
Unerik larrienean hortxe doaz
buzoi edo ohe bila.
Hastekotan dela milurtekoa
ba heurak beren haurzapietara.
Izan ere, dena pikutara joaten da gizonengatik.
Gizonekin ezin da inolako estaturik jaso.
Zorri saku bat asko da heuren aldean.
Zalantza aldeanoak.
Idiotak kontsumoan baino pentsatzen ez duzuenak.
Iraganaren kondarrak.
Ez dagoela denak akatzerik, halegia.
Ezin egunero ibili gauzak esaten.
Ene! gizonik ez balego
orduan bai pagotxa.
Ene! gizonik ez balego
orduan zer.


  8. GALTZETAN GORDETZEKO KOBLAK

Artizarra ortzantzean lehena da argitzen
saguzahar zaharrena oraintxe da esnatzen
teila gorri orma grisa ixilean laztantzen
zoko beltzen hegaztiak gau berria ehuntzen
Hemen gautza ezin irten errautsen gaztelutik
gaua sare erraldoia gugana abaildurik
azpian nau gatibatzen tristurari loturik
hemen natza hau zer denentz adierazi ezinik
Hau izuen gordeleku eta belar hitsena
hau malkoen katedrala gizaseme hutsena
hau eremu bezperage biharamun motzena
hemen datza gorpu bizi herri bat izan zena
Hanitz lore sortzen omen hurruneko bizira
gartzelara sartu oro heldua da hobira
saguzahar ehunleen urkabeen hegira
zelan kulun-katzen garen bi begiez begira
Argi gabe ari nauzu giltzapean koblatan
oinazea bisitari gogoaren zainetan
zaindariak paper bila ari dira zeldetan
erdu eta to zuretzat gorde itzazu galtzetan.


 9. ASPALDIAN

Gure aitxitxe Elias zenak
ezkont-bidea egina zuen
San Gregorioko neska ederrarekin
hura izango zen amama urteekin.
Aspaldian.
Bere garaian, esaten zidan
ez zela ia lanik egiten
andreak pozikan elkar lanean
arropa garbitzen zutela errekan.
Aspaldian.
Larogeitahamaiuru urtez hil zen
bilbo aldeko etxe batean
san gegorioko hizkera bazeukan
artean esaten zuen.
Aspaldian.

 10. CRACK (PIPA BAT)

Hortik dabil gizon bat
kalean gora, kalean behera.
Hortik dabil beste bat
pauso urduriz biak batera. 
Biak hotz agurtu dira
besoak jaso, topa eskuak
inongo antzik ez dutela
ez dira arraza berekoak. 
Hirugarren bat ailegatu da
heldu da sua, heldu da ura
diru tratua bete dute
ez da berriketako ordua. 
Banan bana joan dira
txakurrak zaunka, sirena urrunak
elur loia bazterretan
kontainerrak, behebarru ilunak. 
Hiru gizonetarik bat
gelditu da, ongi ilunean
argi motel bat ageri da
kale hutsean pipa piztean. 
Egoneza hegan doa
arratseko pizti aspertua
den guzia logure da
ahaztura, herio goxua.


 11. ZALDIAK NEGARREZ

Enperadorearen zaldirik onenek
negar egin omen zuten
Rubicon aldean irabazi eta gero
aske utzi zituztenean.
Horrela ari ginen berbetan
kaletik gindoazela,
kaletik gindoazela.
Centro extremeño-tik behera
bazetorren jendea,
bazetorren jendea.
Han dena al zen seinale,
presagio,
negar egingo ote nuen
bakarrikan gelditzeko beldurrez.
Enperadorearen…
Betirako hitzak esan nituen:
maitasuna gorrotoa,
maitasuna gorrotoa.
Seinaleak ikusten saiatu nintzen:
arrastoak elurretan,
arrastoak elurretan.
Zer esanik ez zegoen:
tu tiruta…
Enperadorearen...


 12. GELDIRIK EZ EGON

Galbidea izan arren
aurrean dagoen bide hori
estarta hondoratu horietan zehar
gogoko gogoko bada
Geldirik ez egon
Geldirik ez.  
Zure izenean baina zu gabe
hitzegiten dutenei
ez egin jaramonik
etsai dituzu
kontuz nirekin ere
ez itsuki sinistu.
Geldirik ez egon
Geldirik ez. 
Besarka ezazu
asmo eder bat gogotik
oratu ezazu
gaurko eguna besotik
ez dezazula ahaztu
denbora hondarra dela
urre, urreduna. 
Geldirik ez egon
Geldirik ez. 
Besarka ezazu...   



 13. NIRE FURGOI BELTZA

Lurrunak ez du oraindik
kristala estali
eta gogaitua nago honez gero
autobusarekin
eguraldiaren berri irratian
eta zer dio alu horrek:
Galdu zindudanetik.
Nondik nora datorkidan
orain zure oroimena
arraia laranja kolore beltza
faltan ditut
estazioetan ematen geroztik orduak
Galdu zindudanetik
neure furgoi beltza
arraia laranjaz
saldu zindudanetik.
Teloia jausita mikroak bildu
gauez etxaldera bakarrik zurekin
herdoila seinaletan lo
hau bakarrik ibiltzearen ordaina
Galdu zindudanetik.
Behar bezala ez nabil ez
aparta ginduztenetik
non lo egin dezaket, esan
zure altzoan izan ezik
non gitarra gorde, erretzekoa
hau mixeria latza.
Galdu zindudanetik
neure furgoi beltza
arraia laranjaz
saldu zindudanetik.


 14. ENE BEGIEK

Ene begiek ez dute malko isuritzeko gogorik,
denik eta bizitza bakarra bizi dutelako. Entzun,
astiro doa denbora, idi gorrien gurdi hori.
Begira erlojuetako orratzak uneka herdoiltzen.
zenbat gauza utzi dudan estarta bazterretan
edo laku urdinen hondoan, bizitza bakarrean,
eta zenbat aldiz galdu naizen behelainotan
basoilar izateko ametsetan dabiltzan kurloiekin.
Ene desirak iada ez dira habia abandonatuak besterik
ene bihotzean. eguzkia gurpil ahul bat da.
Ez dezadan gehiago entzun, begiratu, ez pentsatu,
bizitza hau bakarra delako, gal ez dadin, ibili ez
eta senditu ere ez, harriak legez izan nahi dut,
mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua,
lekua besterik ez izan, hurrin deritzan aberrian.


 15. BERANDU DABILTZA

Eguneroko bizitza ikatza bezelako labexomorroak ixurtzen hasi zenean etengabe,
Otis Redding badiako kaian eseri zen aideplano eroriei kantatzeko blues band.
Sagarraren loreek su hartu zuten eta niri odola hasi zitzaidan sudurretatik
baldosa zuriko komuna publikotan pornografia irakurtzen ari nintzenean love,
eta alkimistek txosten bat eman zuten argitara plusvaliaren alde azalduz erabat,
Errestaurantetik bi homosexsual bota zituzten arrazoi komertzialak zirela merio.
Bakardadearen milaka kopia inprimatu ziren neguaren ateetan geundelako,
ene osaba batek postale bat izkribatu zidan Stop ene urtebetetzea zelako Stop iloba,
eta bide batez bere seguruetxea kontseilatu nahi zadalako inoiz ez da jakiten noiz,
ene maitaleak telefonoa jo zidan kobre zaporeko maitasunez gauaren erdian.
Eguneroko bizitza ikatza bezelako labexomorroak ixurtzen hasi zenean etengabe.
Gero ernari gelditu zen ibaia zerutik atergabe jautsitako espermaz,
alkandora arrosak loredunak xuriak gorribeltzak multikoloreak herrestan eramanez,
eta aste berean ni puta bat naiz oihuztatu zuen ezkontza despedidan Champagne,
Olivetti batetan bere lehen gutun erromantikoa osatu zuen sekretaria lotsatiak;
eskaleek halere trapuzko etxeak jaso zituzten zubipean mitxeletak babesteko,
kattagorriek supermerkatuari eraso zioten altxa besoak non da intxaur kaxafuertea.
Negua heldu zen azkenez eta antzerrek V bat egin zuten zeruan,
dispensariotan antitristezi pildorak banatu zituzten ugari
Ejiptoko zazpi izurriteren edizio ugaldu eta korrejitua usmatuz;
zoriona gramoka saltzeari ekin zioten trono aingeru eta kerubinek;
beturte kardinek igotze desnaturala eman zuten Erromako boltsan,
mila liburu erregalatu zituzten bankuek Ora eta bereziki Labora lemapean;
baina alferrik zen berandu dabiltza ez dute ezer lortuko honez gero,
palazioak lurrera doaz gartzeletako ormak pitzatu egin dira,
eta gu libro gabiltza kaleetan tirantezko galtza laranjaz jantzirik, libro libro.