GURAM SULAKAURI (J. Sarrionandia / R. Ordorika)

Baladaren autorea den Guram Sulakauri-ren erretratu lausoa gorde da: eskimalen gisan jantzia, igloo bat eraikitzeko izoztarriak mozten.
Haren biografiatik datu guti ezagutzen da. 1890 urtean Tiblisi hirian sortu zen. Umetan, Georgia utzi eta, familiarekin, Kiev hirian bizi zen. 1905 urterako garagardo zalea, lagun tabernetan, eta iraultzaile talderen bateko partaidea zen. 1909 urtean Parisera emigratu zuen eta, ezagutu zutenek diotenez, altua, argala, zurbila, serioa zen; kafea izotzarekin edaten omen zuen modako dibanetan jarrita. Handik Groenlandiara joan omen zen eskimalekin bizitzera, baina 1917ko udan, Errusia aldean Erreboluzioa ernetzen ari zela jakinda, irailerako San Petersburgora heldu zen, Lev Trostkiren agindupean jartzeko. Garbiketa stalinisten sasoian Siberiara igorri zuten eta handik eskimalen elurralderantz alde egin zuen betiko. Harrezkero ez da haren berririk batere jakin.
1914an dataturik dago, georgieratik itzuliriko balada honen eskuizkribua.


 1. LERA ZAKURREN BALADA (J. Sarrionandia / R. Ordorika)

Balea hezurrez eginiko lera daramazuen
zakur begi urdinok, aiaiai,
zer dela eta zoazte ipar haizearen kontra
elur eternalezko lautadetan barrena.

Izotzezko itsaso mortuari azkura egiten diozuen
zakur salbaia eta gosetuok, aiaiai,
nor da zuen jabe, zein dama zuri zerbitzatzen duzue
latigopean, aho behelainozko bidean.

Zein helburu, zein mandatu, zein fantasiagatik
lehertzen zarete ekinean, aiaiai,
baldin eta helburua, mandatua, fantasia
ez bada sekula zeuena izanen.

Gizajendea igloo tipira sartuko denean
zuek kanpoan geratuko zarete, aiaiai,
zeuetako lagun ahulena akabatu beharko duzue
gosea berdindu beharrez.

Itzal luzeen herrialdeko zuritasun eternaleko
zakur zuri proletariook, aiaiai,
ez duzue zaunka egiten eta, uluka,
oihan epeletako otsoen antza duzue.




ROBERTO MUJIKA
1958an jaio zen, Durangoko San Fausto auzoan. 1980an Estatu Batuetara joan zen, izeko amerikanoa zuelako Arizonan, Itziar, Parker herrian, Red Rock kanpineko harreran lanean. 1986an Mohaveko desertuan hasi zen lanean luthier edo gitarragile batekin, gitarra egin berriei tenprua edo errodajea ematen.
Euskal Herrira ez da harrezkero itzuli. Luthier horren etxean bizi da oraindik, Sun Town herrixkan, Mohaveko desertuan, 11 orduz egunero gitarra egin berriak estreinatzen. Doinu instrumentalez aparte, kantuak ere asmatzen ditu batzuetan, luthier horrek BAT edo “Basque ancient tongue” deitzen duen hizkuntzan. Entzuten dion guzietan esaten dio, luthier horrek, ea BAT hori ona ote den gitarrak afinatzeko...


 2. IBAIA (J. Sarrionandia / R. Ordorika)

Ez da Danubio deitzen,
ez da Mississippia,
Ibaizabal deitzen da nire
sorterriko ibaia.
Ez da Danubioa,
ez da Ibai Horia,
erreka labur mehe
herdoil urez betea.
Han ibiltzen ginen, antzina,
hango Harripausuetan...

Ez da Danubio deitzen,
ez Nilo, ez Niagara,
Ibaizabal deitzen da nire
sorterriko ibaia.
Handik alde eginda,
zubirik zubi beti,
ez nuen uste berriz
topatuko nuenik.
Orain barruan sentitzen dut
Ibaizabaleko ur uherra.

Ez dakit zelan gertatu den
ura barrura sartzea.
Inoiz edan egingo nuen
Ibaizabalekoa.
Ez da Danubioa,
ez da Ganges saindua,
ume denboretako
gure erreka lohia.
Orain bihotzetik pasatzen zait
Ibaizabaleko ur uherra.

Ez da Danubio deitzen,
Ibaizabal da izena.
Handik urrun ibili arren,
barrura sartu zaidana.
Harrezkero zainetan
dabilkidan erreka,
neure benetako izenez
deitzen didan bakarra.
Ur zaharrez berritzen dit gogoa
Ibaizabaleko ur uherrak.



ANJEL PAGOLA
Portugaletekoa. Komite internazionalistekin Nikaraguan alfabetizazio lanak egitera joan eta, Guatemalan, gerrilari sartu zen. 1990an, balaz zauritua, esku bat moztu behar izan zioten ospitalean, Mexikon, eta hiesa ere bazuela abisatu zioten. Gero, Bluefields aldera joan zen bizitzera. Han bizi ziren beste bi euskaldun topatu zituen.


 3. HONDARTZA GALDUAN (J. Sarrionandia / R. Ordorika)

Moila zaharra, etxalde pobrea,
zurezko etxeak,
arrainak zintzilik salgai, musika
mexikanoa,
eltxoak eta jejenak iluntzean,
eta arratsari lotutako neskak,
eta gero mangleen artetik pasatu ondorengo
haizearekin loak hartzea.

Zurezko etxe bateko aterpean eserita,
bizkarra habearen kontra,
itsasoari begira, ur, ura
hondartzaraino,
sargazoak eta medusak hareatzan,
eta harearen eta belardiaren
artean lokatza, lokatz ustela, aduana
eginez bezala.

Eta zu hor eserita, aduaneroa lez
zienagan.
Eman dezagun zakila haunditurik duzula.
Eta izena asmatuko diozu
hondartza galduari, edo ez,
izenik gabe utziko duzu
memoriaren mapa legalitaterik gabekoen
bazterrean.

Gauzak ez dira behar diren modukoak,
bestela Laredon zinateke
birra hotz batekin, Nivea kosmetikoekin eta
visa turistikoarekin.
Euskaldun, zuzen, zintzo, arduratua.
Hor nor zara
ezpada naufrago bat, ideiak
zapatak bezala galdurik?

Hobe imajinaziozkoa balitz hondartza hau.
Hobe ailegatu ez bazina
bazter honetara, ur uher eta gazi hori
edan ez bazenu.
Gezala duzu arnasean, uhin hotsa
belarrietan,
bakar bakarrik egotearen ziurtasuna
imajinazioan baizik posible ez den eran

Neska hori ere zer da ba,
neska hori,
ohol galdu bat bezala
besarkatzen duzu-eta.
Baina zeurea da itsasoa eta egunsentia
eta gaua, zeurea da denbora.
Entzun hondartzara datozen olatu zentzu gabeak
eta México lindo y querido…



MOHAMMED MIZZIAN
1956 urtean jaio zen Axdir herrian, Marroko independentea geratu zen urtean. 1958an, Mohammed Ufkir, Mohamed Mezzian eta Mohamed V sultanaren seme zen Hassanek erriftarren aurka burutu zuten errepresiotik ihesean, Mohammed Mizzianek gurasoekin alde egin zuen Europara. Geodesia eta kartografian lizentziatu zen Parisen eta, geroztik, bere espezialitateko lanetan ibili da munduan zehar.Ez denez Marrokoarra, ez frantsesa, eta amazigh izaterik ez dagoenez gero, aberrigabetzat du bere burua.
Iruñeko neska batekin maitemindu zen eta gaur egun Atarrabian bizi da.


 4. HIRIAK (J. Sarrionandia / R. Ordorika)


Zeure gorputza da orain nire hiria,
zeu zara orain nahi dudan aberria.

Bizitzeko ez zait horrenbeste ardura:

Paris, Tombuctu,
New York, Bombay, Segura,
Berlin, Katmandu,
Sidney, Addis Abeba,
Aljer, Lisboa,
Buda, Pest, Kiev, Ottawa.


Baina orain zeu zara nire hiriburua,
aberri, hilobi, neure sorlekua.

Hiltzeko ere berdintsu zait herria:

Lome, Friburgo,
Quito, Tallinn, Luanda,
Tashkent, Mutriku,
Shangai, Istanbul, Praia,
Praga, Kigali,
Bangkok, Amsterdam, Basora.

Baina orain zeu zara nire hiriburua,
aberri, hilobi, neure sorlekua.


XABIER ERRALDE (J. Sarrionandia / R. Ordorika)
Bernart Etxeparek, XVI. mendean,“Eskuak” izeneko bertsoen eskuizkribua utzi zuen, Linguae Vasconum Primitiae liburuan argitaratu gabe.
Edward Spencer Dodgson ikertzaileak kopiatu zituen, Notes and Queries 33 koadernoan. W.H. Auden-ek testu hura ezagutu eta bere bertsioa egin zuen, aldaketa batzuekin. Berak sartu zituen ”telefonoa” eta “kafea” hitzak, baina Another Time liburuan argitaratu gabe geratu ziren.
Londresera ingeles ikastera joandako oñatiar kantautore batek, poemaren makinaezkribua topatu eta, ingelesetik euskarara itzulirik egin zuen kantua. Honek sartu zituen “gitarra” eta “erlojua” hitzak.

 5. ESKU BIAK (J. Sarrionandia / R. Ordorika)


Esku batekin esan dizut: “Agur,
nahi duzun arte!”
Beste eskuaz ez dut jakin zer egin, ai,
zeu itzuli arte.
Beste eskuaz ez dut jakin zer egin,
zeu itzuli arte.

Eskuineko esku honek deitu dizu
telefonoz,
eta ezkerrak ere maite-
maite zaitu.
Ez, ez dira eskuok zugatik
egundo etsaitu…

Ezkerraz leihoa zabaldu, eskuinaz
kafea hartu.
Ezkerraz gitarra heldu eta eskuinaz
soinu leun batzuk lotu.
Ezkerrak, erlojua erakutsiz, ez dit
denbora arindu.

Esku biak behar ditut zeu hartzeko.
Zeure esku
sentitzen naiz, zu maitatzeko.
Eskuak,
biak luzatuko zaizkit zu
laztantzeko…

Esku biak behar ditut
zeu hartzeko.
Esku biak libre ditut
zeuretzako.

MIREN LANDIRIBAR
Otsagabian jaio zen, 1980 urtean. Fisika ikasi zuen Estatu Batuetan eta harrezkero irakaslea izan da Alemania, Suedia, Namibia eta Euskal Herrian. APS edo American Physical Society ezaguneko partaidea da, eta Fisika Nobel sarirako hautagaia. Fisikari buruzko ehunka ikerketa eta saio argitaratu ditu.
Azken urteotan, bere liburuak ezagumen zientifikoaren alferrikakotasunari buruzkoak dira eta poesiazkoak. Bere poema libururik ezagunena, kantu honen letra dakarrena, hau da: Burua galdu duenak buruko mina izango du?

  6. ALBERT EINSTEINEN MIHIA (J. Sarrionandia / R. Ordorika)


Logelako posterretik
mihia ateratzen duen
Albert Einstein mutu horrek
zer esan nahi ote du?

Begi urdin, ile luze,
ez da orraztu sekula.
Mihi horrek orain nori
egiten dio burla?

Hogeigarren mendeari?
Mundu nahasi honi?
Kalean dabilenari?
Eta, zergatik neuri?

Estatu batu eta banatu guziei
ala geu gizajooi
ateratzen diguzu
mihi hori ?

Mihiaren kontzeptu hori
askoz da larriago
erlatibitatearen
teoria bera baino.

Kabulgo azokan
munizioa eta amapola,
gelako orman
Albert Einsteinen mihia.


GAIXOENEAKO ESKUIZKRIBUAK
Zangozako hiri harresiak Gaixoeneako dorrearekin batzen diren lekuan, harlauza zaharren azpian aurkitu berri dira eskuizkribu batzuk, XVI mendekoak, batzuk latinez eta beste batzuk euskaraz izkiriatuak, Euskaraz hogeita hamahiru albada edo oilarite kantu dira, hau da, egunsentiari buruzko baladak.
Hauxe da Gaixoeneako bederatzigarren albada.

  7. GOIZALBADA (J. Sarrionandia / R. Ordorika)


Ai, gaua, leiho zarratua baino ilunagoa,
iraun, iraun,
iraun ezazu, ene amoranteari argiak
begietan min ez diezaion eman.

Iraun ezazu mende betez edo behintzat
hogei bat urtez.
Ai, gaua, paradisua baino animaliago iraun,
dena basa, dena sekretu, dena ezezagun.

Iraun ezazu behintzat
zazpi egunez gehiago.
Ai, gaua, amodioa
baino misteriotsuago…

Iraun ezazu, oilarra, senarra,
guardia, apeza,
esna ez daitezen, luza zaitez ordu txiki bat
gehiago,
iraun, iraun. Gaua, iraun
une bat gehiago.

Iraun ezazu behintzat
pittin bat gehiago.
Ai, gaua, amodioa
baino misteriotsuago…


JOSU IPARRAGIRRE
Managuan ezkutaturik bizi den Josu Iparragirrek idatzia, 2001ean, Barranquillatik hurbil bizi den Jose Urioste, gerra zibileko errefuxiatuari buruz.
Jose Urioste, Orozkon jaioa, gerra zibileko iheslaria, Kolonbiara alde egin eta han esmeralderoa izan zen. Bost semealaba izan zituen.

  8. EZ DA ITZULIKO (J. Sarrionandia / R. Ordorika)


Ez da egundo itzuliko,
nora itzuliko zen ba?
Non hantxe bertan baino hobeto
lekuz kanpo, zahartzeko.
Lekuz kanpo eta bakarrik,
inoren agurrik gabe.

Ez da itzuliko, eta badoa
denbora bere ausentziarantz.
Badoa, zehatz eta gupidagabe,
hiltzen duen denbora.
Dena ere eramango du-eta
egunik arruntenean.

Ez, ez esmeraldekin ere
ez, ez da inoiz itzuliko.
Hantxe bertan geratuko da,
ume sasoirik gabe,
aurreiritzi batzuei deituz
etorkizuna.

Eguzki Amandrea, bera bai,
sustrairik gabe,
memoriarik gabe, bera
itzultzen da bai,
oskorri ederrak eraginez
sartaldetik sortaldera.

Baina ni ez naiz itzuliko
Nora itzuliko naiz ba?
Non hemen bertan baino hobeto,
lekuz kanpo, zahartzeko.
Lekuz kanpo eta bakarrik,
inoren agurrik gabe.

AINHOA ITURRINO
Historialaria eta txelo jolea. Historialari lez, historia, gertatu behar ez ziren gertaeren katea dela sostengatzen du. Txelojole lez, Ruper Ordorikarekin elkartzen da batzuetan. Gaur egun, komunikazioaren historia ikertzen du bereziki.
2001ean turista joan ziren Ruper eta biak Kazakhstan eta Uzbekistan aldera. Amu Darya eta Syr Darya ibaien gutxitzeagatik Aral itsasoa lehortzen ikusi zuen. Bazterretik zebilela, neskato bat inguratu zitzaion esanez:
“Zer moduz?” galdetu zion, bakarrik, errusieraz. Baina haiek ez zuten ulertu eta, galdera hura, gogoeta luzeen gaia izan da.

 9. BERAK ENTZUNGO EZ DUEN KANTUA (J. Sarrionandia / R. Ordorika)


Aral Itsaso ertzean genbiltzan bidaian
Pacific Ocean kamisetekin.
Tanke zaharrera igonda, talaiatik beha
handik ikusten zen hainbat hegazkin
basamortuan herdoiltzen, han eguzkipean,
zein gerratan galduak ezin zen jakin.

Oskarbi zerua, erreta lurra,
han non heldu zen neskatxa hura,
zerbait galdetuz bere hizkuntzan:
guk ez genekien.

Ez genekien ulertzeko lain.
Orain atera zait kantu berri hau,
erantzun bat, neska hark sekula
entzungo ez duena,

Itsaso lehor hartan genbiltzan bidaian.
Zein gerratan galduak ezin zen jakin.

Oskarbi zerua, erreta lurra,
neskatxaren berba ulertezinak,
zein zen galdera, zein zen hizkuntza,:
guk ez genekien.

Ez genekien ulertzeko lain. Eta orain ematen dut
ene kantu hau, erantzun moduan,
berak sekula ulertuko ez duena, berak
sekula entzungo ez duen kantua.

JULEN BADIOLA
Ondarroan, 1957an jaioa. Iheslari politikoa, 1977tik aurrera Baionan bizi izan zen harik eta 1984an Europa iparraldera eta gero Ameriketara joan arte. Harrezkero lokarri guziak ia etenik bizi behar izan zuen alde batetik bestera. 2000 urtean, Chiloé isletako batean zegoela, Udalbiltzako zinegotzi batek esan zion, euskalduna bere herriaren enbaxadore izan behar dela nahinon...
Baina Juan Badiolak 2O urte zeraman egiazko paperik gabe. Pasaportea finlandiarra zuen Caj Ägren izenarekin, baina pasaporte hori ere epez pasatua eta baliogabea.

 10. ENBAXADORE HODEIERTZEAN. (J. Sarrionandia / R. Ordorika)


Legearen beso luzeaz harantzago
heldu ginen hodeiertzera.
Hemen gaude, enbaxadore, enbaxadore
hodeiertzean.

--Nongoak zarete? Nortzuen ordezkari?
Zer da ba nahi duzuen hori?
Hemen ere bandera behar duzu, enbaxadore,
hodeiertzean.

--Ahaztu dugu nongo ordezkari garen,
banderarik gabe, aberririk gabe,
diplomaziarik gabe, agindurik gabe, enbaxadore
hodeiertzean.

Dena urruntzen, dena puntu bat bihurtzen,
dena desagertzen den muga lausoan,
geu ere galtzen garen ertzean, enbaxadore
hodeiertzean.Hara hor hegaztia,

hara hor albatroa, ez ote da horixe
geure bandera?
Albatroa bandera, guretako modukoa, enbaxadore
garelako, hodeiertzean,

dena galtzen den hodeiertzean, hodeiertzean,
hodeiertzean, hodeiertzean...




MICHEL DURRUTY
1893 urtean sortu zen (Vladimir Maiakovski, George Grosz eta Joan Miró bezala), baina Baigorrin (haiek ez bezala). Gaztetan Parisera emigratu behar ukan zuen, eta harrezkero ez zen Euskal Herrira noizean behinka baizik itzuli. Gerla Handi bietan parte hartu zuen, finean 1958an eritasun arrunt batek jota hiltzeko.
Pintorea ofizioz, hamabost urterekin Pablo Picassoren etxean egon zen Rousseau Aduaneroari egin zitzaion gorazarre famatuan. Bere pintura, hasieran nahiko inpresionista, urteekin surrealismorantz lerratuko zen. Ospetsuak dira Ossi di seppia liburuari egin zizkion ilustrazioak. Idatziz, frantsesez argitaratu zuen Notes sur la peinture d'aujourd'hui ezaguna. Eta euskaraz poema liburu bat: Zakur errearen begiak.


 11. IZEN ZAHARRAK (J. Sarrionandia / R. Ordorika)

Gu herrialde estuan
sortu ginen,
arbasoek aberri mendrea
utzi ziguten.
Merkatari aberatsek merke
edo kario
erosten dituzte gure lurrak,
gure jendearen
hezurrak. Lurrak eta
hezurrak,
eta badoaz urtaroak,
eta gu ere bagoaz,
geroago eta gutiago
gara ginenak,
gero eta urrutiago
ginena
Zer geratuko da gerorako?
Leku izenak agian,
ez besterik: Ursouia, Itchasou,
Irouleguy,
Aussurucq eta Tchoko
Maitia…
Jendeak misterio aire batekin
ahoskatuko ditu leku izenok,
jendeak misterio aire batekin
ahoskatuko ditu izenok